Gasteizko Letren Fakultateko ikasleok 2020-21 ikasturteari hasiera eman genionetik bi aste igaro dira dagoeneko. Irailaren 7an, hastekoak ginen aurrez aurre, baina, hilaren 3an, fakultateko idazkariak mezu baten bidez jakinarazi zigun aurkakoa jakinarazi arte internet bidezko eskolak egin beharko genituela, bizitzen ari garen pandemia dela eta, eskolak egokitu eta antolatu behar zituztenaren azalpenaz; udako 3 hilabete oso izan ez balituzte bezala.
"Hiru astetik aste bakarrean izango ditugu aurrez aurreko eskolak; alegia, ohiko egoera batean izango genituzkeenaren heren bat baino ez"
Hau da, eskolak hasi baino lau egun lehenago adierazi ziguten behin-behineko aldaketa hura. Aipatu beharra dago udan zehar EHUren aldetik jasotako mezu askok eskolen %75a aurrez aurrekoa izateko asmoa aurreikusten zutela, gutxienez ere, %50a aipatzen zelarik egokitzapen planen batean.
Ikasleon ustekabea gaur bertan heldu da, eskolak hasi eta hamar egun beranduago. Fakultateko idazkariak mezu baten bidez jakinarazi digu fakultateko gradu guztietako ikasleok —besteak baino nahiko ikasle gutxiago dituzten zenbait gradutako azken mailako ikasleak salbu— hiru astetik aste bakarrean izango ditugula aurrez aurreko eskolak; alegia, ohiko egoera batean izango genituzkeenaren heren bat baino ez. Udan zehar jasotako mezuen aurreikuspenez, beraz, arrastorik ez.
"Gutako ikasle askok ez dugu Gasteizen bizileku finkoa; hortaz, alokairura edo erresidentzia baten zerbitzuetara jo behar izan dugu"
Gutako ikasle askok ez dugu Gasteizen bizileku finkoa, hortaz, pisuren baten alokairura edo erresidentzia baten zerbitzuetara jo behar izan dugu, egunean bertan etxetik hona joan-etorria egiteak denbora gehiegi kenduko liguke eta.
EHUren aurreikuspenak ikusita, gutako askok, luze hausnartu ondoren, alokairu kontratu bat sinatzea erabaki genuen. Gerta zitekeen okerrena aurrez aurre soilik eskolen erdia izatea zenez, ahalegin ekonomiko hori egiteko prest agertu ginen. Gaur jasotako berri honek, ordea, eskema guztiak hautsi dizkigu. Gutako askorentzat ahalegin ekonomiko handia suposatzen du etxetik joan behar izateak, beste hiri batean ikasi ahal izateko.
"Aurretik, oraingo egoeraren susmo txikiena ere izan bagenu, ez genukeen inolako gastu gehigarririk izango"
Ikasle askok asteburuak eta lanegunak igarotzen ditugu lanean "ikasketa pisua" ordaindu ahal izateko. Aurretik, oraingo egoeraren susmo txikiena ere izan bagenu, ez genukeen inolako gastu gehigarririk izango, eta ondorioz, ehunka euro aurreztuko genituzke hilabetero.
Hori dena gutxi balitz, EHUk, orain arte behintzat, ez du inolako beherapenik iragarri matrikulei dagokienez, erabiliko ditugun materialak eta bitarteko fisikoak nabarmen urriagoak izango badira ere. Beste hainbat ikaslerekin hitz egin ondoren, nabaria da ondoez orokorra.
Xabier Karril EHUko Gasteizko Letren Fakultateko ikaslearen iritzi artikulua.