Galdutako aukera

Erabiltzailearen aurpegia Luis Alvarez Lopez, etxerik gabeko pertsona 2020ko uzt. 28a, 09:25

Lakuako frontoian Gasteizko Udalak etxegabeentzat irekitako zentroa. / Arg.: DOS POR DOS.

"Lau hilabete alferrik galduta: horrenbeste promesa, horrenbeste itxaropen, gure bizitzei gutxieneko baldintza duinetan berrekiteko horrenbeste ilusio... Pandemiaren aurretik jasotzen genuen mespretxu bera jasotzen jarraitzeko".

Luis Alvarez Lopezek etxerik gabeko pertsonentzako Lakuako zentroan bizi izan du konfinamendua, eta zentroaren itxiera zein egungo egoera baloratu ditu iritzi artikulu honetan.

Krisi edota tragedia handietatik aukera handiak sortzen direla diote, baina badira porrotean hondoratzen direnak ere. Ezarritako sistema auzian jartzen da, eta aukera irekitzen da haren alderdi batzuk birbideratzeko –eta, zergatik ez, hobetzeko–. Adibidez, gure hiriko jende behartsuenari arreta emateko gizarte baliabideak eta, kasu zehatz honetan, Gasteizko etxerik gabeko pertsonekiko tratua.

Covid-19aren pandemiak eragindako konfinamenduaren ondorioz –denontzako egoera ezezaguna–, etxerik gabeak udal baliabideetan (Aterpe, Etxe Irekia...) egon gara edo, horietan plazarik ez genuenak, bi pilotalekutan (Pio Baroja eta, funtsean, Lakua). 50 pertsona inguru egon gara bertan egun osoan sartuta: udaleko gizarte-zerbitzuei oso erraza litzaieke, hortaz, gure askotariko arazoen jarraipen jarraitua eta pertsonala egitea.

"50 pertsona inguru egon gara bertan; gizarte-zerbitzuei oso erraza litzaieke gure askotariko arazoen jarraipena egitea"

Bada, udal arduradunek behin eta berriz gezurrak esan arren –zinegotzia buru–, ez da jarraipenik izan. Are gehiago, Gurutze Gorriari pasa diote marroia, eta hori izan da eta izaten jarraitzen du gutaz arduratzen den erakunde bakarra, ahal duen moduan.

Hori bai: Eusko Jaurlaritzak emandako pizgarri ekonomiko garrantzitsuarekin. Hau da, Euskadiko etxebizitzen jabe gorenak (Etxebide, Alokabide) diru asko ematen dio GKE bati bazterkeriatik eta kaletik atera gaitzan, baina etxebizitzarik ez. Eta GKEak etxebizitza pribatuetara eraman gaitzan, alokairu-merkatuaren egungo prezio debekatuan. Ulertzen duenak, mesedez, azal diezadala.

Konfinamenduko hilabete luze hauetan, eta, batez ere, bizi genuen presioak muga-mugan jartzen gintuenean eta bizikidetzak eztanda egin zezakeenean –ezinezko ordutegiengatik, arau absurdoengatik, ohe hezur-apurtzaileengatik, 6-8 ordu jarraian lo egiteko ezintasunagatik...– beti lasaitzen gintuzten beren promesekin. Bi promesa nagusi egin zizkiguten: guztiak etxebizitzetara eramango gintuzten, gela bakoitzeko pertsona bat, eta birgizarteratzeko plan espezifikoak garatuko genituzke.

"Bi promesa nagusi egin zizkiguten: guztiak etxebizitzetara eramango gintuzten, gela bakoitzeko pertsona bat, eta birgizarteratzeko plan espezifikoak garatuko genituzke"

Kanpoan gaude, eta balantzea ezin da txarragoa izan. Ikus dezagun:

50 lagunetik sei baino ez gaude apartahoteletan; bakoitzean bi bizitzen eta logela partekatzen, prezio altu baten truke (zein arraroa). Sei pertsona horiek gara pribilegiatuak. Beste dozena erdi bat gizarte zerbitzuek Aterpera edo Harrera Sozialerako Udal Zentrora (HSUZ) itzultzera behartu dituzte –orain bai agertzen dira gizarte zerbitzuak, eta horretarako–.

Horri dagokionez, bereziki ankerra da Daniren kasua (22 urte eta etengabeko arreta eskatzen duen tratamendu psikiatrikoa). Aterpean "askatu" dute Dani, edo, bestela esanda, egun osoa kalean ematera kondenatu dute. Edo HSUZra eraman duten Monicarena. Ez da bidezkoa, benetan. Ikaragarria da egin dutena.

Dozena bat lagun Gasteizko erdigunetik bost kilometrora dagoen kanpin batean sartu dituzte, etxe aurrefabrikatuetan. Hirunaka edo launaka gela partekatuz, oheen artean apenas 20 zentimetroko tartearekin. Eta gainerakoak, hamasei, Gurutze Gorriak prestatutako etxe batean: lau gelatan banatuta, gela bakoitzeko lau pertsona eta ohatzeetan lo egiten.

Hori da gure gizarteratzearen alde egin den guztia. Agindutako birgizarteratze planei dagokienez, berririk gabe jarraitzen dugu. Abendura arte Gurutze Gorria arduratuko da gure ostatuaz, udal eta foru zerbitzuen inongo ardurarik gabe... Zenbait pertsona, ni neu bezala, zazpi urte baino gehiago daramatzagu Etxebideren zerrendetan apuntatuta, alokairu soziala lortzeko. Eta, horren ordez, apartahotel batean gaude, Eusko Jaurlaritzak berak jartzen duen dirutza gastatuz.

"Agindutako birgizarteratze planei dagokienez, berririk gabe jarraitzen dugu"

Lau hilabete alferrik galduta: horrenbeste promesa, horrenbeste itxaropen, gure bizitzei gutxieneko baldintza duinetan berrekiteko horrenbeste ilusio. Zertarako eta, azkenean, erakundeen aldetik (batez ere udal erakundeen aldetik) pandemiaren eta konfinamenduaren aurretik jasotzen genuen mespretxu bera, axolagabekeria bera jasotzen jarraitzeko. Esandakoa: galdutako aukera paregabea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago