Ez dakit zenbat urte igaro diren Parisera iritsi ginenetik. Beste hainbat pertsonaren kasuan bezala, atxiloketa baten eta espetxeratzearen ondoren izan zen. Sakabanaketak helmuga berri bat markatu zigun eta "argiaren hiria" nahiko iluna iruditu zitzaigun.
Orduan hasi ginen monjen etxeetan ostatu hartzen, euskal presoen senitarteko eta lagunentzako ohiko gaua igarotzeko lekua. Horrela, bisitak medio, Paris eta bertan bizi diren pertsona solidarioak ezagutzen hasi ginen.
Orduan elkartu ginen, lehen aldiz, Lucio Urtubiarekin. Egurrezko mahai handi baten inguruan, Rue des Cascades kalean. Ateneo bihurtutako etxea da; Louise Michell erresistentzia kulturalaren espazioa, pixkanaka "Les temps des cerises", "Gerezi garaia"-ren esanahia ikasi genuen lekua. Han, mahai horren bueltan, ardoz eta janariz inguratuta, mundu osotik etorritako pertsonak elkartzen ginen. Italia, Japonia, Grezia, Katalunia edo Turkia. Denak Lucioren bidez eta Lucio-ri esker elkarturik.
Eta solasean eta solasean, bisitaz bisita, utopia eraikitzeko ideiez blaitu ginen. Luciok beti azpimarratzen zuen bezala, "batzuetan irakurketa batekin, liburu batekin, beste batzuetan elkarrizketa batekin hazten gara". Hazi egin gaituzten elkarrizketak; "egiten duguna gara" hura sakoneraino sartuaz. Eta honela, hasierako Paris ilun hura berridatzi genuen eta gure bizitzako esparru guztietako sormenaren ateak zabaldu zituen Paris berri bat marraztu.
Senako hirian, elkartasunaz eta laguntza praktikoaz hitz egitea Lucioz eta Pariseko Euskal Herriarekiko Elkartasun Batzordeaz hitz egitea da. Izen luze horren atzean, pertsonak ezkutatzen dira, pertsonatxoak, eta beren esku duten guztia eman izan digute, joan-etorri luze horiek pixka bat errazagoaz izan zitezen.
Lucio, Juan, Pablo, Lili edo Jean Baptiste pertsona horietako batzuk baino ez dira, eta horiei guztiei asko eskertu behar diegu. Izan ere, behin baino gehiagotan salbatu gaituzte. Trena enegarren aldiz atzeratu denean, bisitetara iristea lortu dute; edota Euskal Herrira bueltan eraman behar gintuen hegazkinera garaiz iristea ahalbidetu. Eurei esker lortu dugu.
Lucio ideia eta errealitate askoren ordezkari da. Dena posible zela amesten irakatsi zigun pertsona, beste era batean pentsatuz haztera bultzatu gintuena. Baita ardurak hartzearen garrantzia irakatsi ziguna ere. Konprometitzera, behar dutenei laguntza ematera bultzatu gintuena. Etxea teilatutik eraiki behar zela zioena; Lucio, bizitzeko eta sortzeko modu bat da.
Au revoir, Messie Urtubia!