Urtebete geroago, etxebizitzaren arloan denak berdin jarraitzen du. Ala ez?

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Etxebizitzaren aldeko eta Bazterkeriaren kontrako Ekimena 2020ko uzt. 7a, 14:16

Etxebizitza eskubidearen aldeko asanblada egin zuten ostiralean. / INOR EZ ETXERIK GABE

"Urtebete igaro da, eta etxebizitzaren arloan irakurketa argia egiten dugu: herritarrek etxebizitza izateko duten eskubidea bermatzeko eta gizarte bazterketarekin amaitzeko borondate politikorik ez dago".

Duela urtebete pasatxo, 2019ko maiatzaren 11n, Gasteizko 30 bat erakunde sozial eta sindikalek etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterketaren aurkako manifestu bat sinatu genuen. Era berean, Plaza Berrian kanpaldi sinboliko bat egin genuen, Udala arratsalde horretako azken ordura arte debekatzen saiatu zena.

Azkenik, 200 pertsona baino gehiagok asanblada ireki batean parte hartu genuen, eta 50 lagun inguruk Plaza Berriko arkupeetan gaua pasatu zuten. Gure hirian egunero gaua kalean ematen zuten dozenaka pertsonei elkartasuna adieraztea izan zen gure asmoa.

"Azaroaren 15ean, mozio bat aurkeztu genuen hiriko bizitegi-larrialdiko egoera aitortzeko eta premiazko neurriak har daitezen exijitzeko"

Ekintza horren ostean, etxebizitzarako eskubidea defendatzeko eta gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko bide bateratu bati ekin genion, eta, bide horretan, azaroaren 15ean, mozio bat aurkeztu genuen Gasteizko Udalean, hiriko bizitegi-larrialdiko egoera aitortzeko eta premiazko neurri batzuk har daitezen exijitzeko:

  1. Alkateak, 2018ko ekainaren 28an, jendaurrean konprometitu zituen 99 udal etxebizitza hutsen bizigarritasun-plana egitea, eta bere hitza betetzea.
  2. Bankuek, inbertsio-funtsek, pertsona juridikoek eta jabe handiek hutsik dituzten etxebizitzei buruzko jarduketa plan bat egitea.
  3. Udal jabetzako etxebizitza hutsak eraisteko planak geldiaraztea, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri bat onartu arte; eta Olarizuko etxebizitzetan uretarako sarbidea berrezartzea.
  4. Auzokako alokairu-indizea ezartzea.
  5. Etxebizitzarekin zerikusia duten erakundeek eta gizarte eragile nagusiek parte hartuko duten bizitoki larrialdia lantzeko mahaia sortzea.
  6. Premiazko bizitegi-baliabideak lehenbailehen zabaltzea, eta beharrezkoak diren plazak sortzea behar duten pertsonek merezi duten arreta duina jaso dezaten.

Mozioan proposatutakoaren aurrean -puntuka bozkatu zen, puntu batzuk bai eta besteak ez onartzeko aukera eskainiz-, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos puntu guztien alde agertu ziren; EAJ, PSE eta PP , aldiz, guztien aurka.

Osoko bilkuran ezetza jaso ondoren, mobilizaziorako deia egin genuen, argi esateko etxebizitza eskubide bat dela eta ez negozio bat; bai eta azaroaren 30ean egin zen osoko bilkuran planteatutako neurriak hartzea eskatuz berriro ere.

"Pandemia bat etorri behar izan zen haien gezurrak modu gordinean agerian uzteko"

Ondoren, Olarizun gertatzen ari dena ankerkeria hutsa dela salatu genuen, eta oinarrizko hornidurak eskuratzeko eskubidea aldarrikatu genuen pobrezia energetikoaren aurkako nazioarteko egunean, otsailaren 17an.

Martxoaren 14an alarma egoera ezarri zen Covid-19ren pandemiaren hedapenaren aurrean, eta bat-batean, gure hiriko kaleetan lo egiten zuten 60 bat pertsona Pio Barojako gimnasioan eta Lakuako frontoian artatu behar izan zituzten. Honek argitara ekarri zuen, azaroaren 15ean Gasteizko Udaleko osoko bilkuran gezurra esan zigutela, eta etxerik gabeko pertsonen egoera zein bizitegi-larrialdia isilarazten saiatu zirela. Pandemia bat etorri behar izan zen haien gezurrak modu gordinean agerian uzteko.

Hilabete hauetan, pertsona horiek guztiak kalera ez itzultzea eta haietako bakoitzak, behingoz, behar eta merezi duen arreta duina jasotzea izan da gure kezka nagusia. Haiekin harremanetan egon gara, eta ziur gaude ezin dutela kalera itzuli; izan ere, ez dugu onartuko inor kalera itzultzea, ezta beren premiekin bat datorren bizitoki-aukerarik ez izatea ere.

"Ez dugu onartuko inor kalera itzultzea, ezta beren premiekin bat datorren bizitoki-aukerarik ez izatea ere"

Apirilean Vitalquilerreko alokairuko 500 etxebizitza publiko Suediako inbertsio-funts bati saldu zitzaizkiola salatu genuen; eta joan den maiatzaren 26an, salaketa aurkeztu genuen Gasteizko Guardiako Epaitegian Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolaren aurka, prebarikazio edo iruzur delitutzat jo ditzakegun gertaerengatik.

Salaketa argia zen: kasu honek argi eta garbi erakutsi du Eusko Jaurlaritza egiten ari den etxebizitza-politika herritarren beharren aurka doala, eta negozio pribatua etxebizitzarako eskubidearen aurretik jartzen duela. Egoera zaurgarrian dagoen biztanleriaren zati handi bat errentagarritasun ekonomikoa bilatzen duten funtsen esku utzita, pertsonen ongizatea eta haien eskubideen bermearen gainetik.

Uztailaren 3an, asanblada ireki bat egin genuen, duela urtebete pasatxo egin genuen bezala. Dozenaka pertsonak eta taldek hartu zuten parte.

"Udala behartu dugu etengabe ezkutatzen saiatzen ari den egoera bere gain hartzera"

Urtebete igaro da, eta etxebizitzaren arloan irakurketa argia egiten dugu: herritarrek etxebizitza izateko duten eskubidea bermatzeko eta gizarte bazterketarekin amaitzeko borondate politikorik ez dago. Baina, era berean, argi dugu Ekimenaren ibilbideak eta etxebizitza eskubidea bermatzeko egunez egun lan egiten duten beste kolektibo askok egindako lanak Gasteizko Udala behartu duela etengabe ezkutatzen saiatzen ari den egoera bere gain hartzera.

Gasteizen, bizitoki-larrialdi egoera larrian gaude.

Baina Gasteizen aldaketa bat egon da: erakunde sozial eta sindikalek indarrak batu ditugu eta ez gara geldituko etxebizitzaren arloko politikak aldatzea lortu arte. Guk argi baitugu, bizitzaren eta kapitalaren artean, guk beti aukeratuko dugula bizitza. Inor ez kale gorrian!

Hogei bat sindikatuk eta eragile sozialak osatzen dute Inor Ez Etxerik Gabe plataforma.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago