Gizarte honetako beste sektoreetan bezala, osasun larrialdiak sortarazitako salbuespen egoerak hezkuntza komunitatea ere bete-betean jo egin du. Egun batetik bestera hezkuntza komunitate osoa egoera berrira moldatu behar izan da. Eta horretarako, langile, familia eta kideok, eskura genituen baliabide pertsonal zein pribatu guztiak abian jarri ditugu.
Martxoaren 12ko sailaren agirian agindua argia izan zen: hezkuntza modu telematikoan jarraitu eta bermatuko zela. Ordea, hori burutzeko baliabideak eta beharrezko plangintzak ez genituen ikusi ez orduan ezta orain ere. Lehenengo unetik ikusi eta somatu genuen neurri bakarra ehunka ordezkoen kontratazio etetea izan zen.
Lanean jarraitu genuenok eskura genituen baliabide guztiak erabili ditugu hezkuntza eskubidea berma zedin: ordu gehigarriak, egokitzapenak, telefono eta baliabide digital propioak, premia bereziei eta etxeko egoerei moldatzea, etab.
Hala ere, oraindik gobernu buru diren zenbaiten mezu iraingarriak jaso behar izan ditugu, "gainontzekoak bezala berriz lanean hasi beharko dira" besteak beste. Argi utzi nahi dugu gure lana ez dela sekula eten, eta hezkuntza telematikoko eredu honek aurrera egin badu, gure, eta familien, lan gehigarriari eta egokitzapenei esker izan dela.
Gobernuaren erantzuna, plangintza zehatzak beharrean, langileen kaleratzea; ikasle eta familien eskubideen urraketa eta plangintza eza izan da.
Gutxi bazen ere, normaltasunaren irudiaren argazkia egin nahian, eskolara bertaratzeko deitu zuten oraindik 1. fasean legez kanpokoa zenean. Plangintza zehatzik ez zen proposatu, eta hezkuntza komunitatearen iritzia kontuan hartu ere ez. Osasun plangintzak langile eta zuzendaritza taldeen eskuetan utzi ziren. Baliabide faltaren aurrean, gure etxeko ordenagailuak eta telefonoak eskolara eramateko proposatu ziguten. Ez al dira nahikoak hiru hilabete itzulera baten planifikazioa aurreikusteko?
"Gobernuaren erantzuna, plangintza zehatzak beharrean, langileen kaleratzea; ikasle eta familien eskubideen urraketa eta plangintza eza izan da"
Egoera lazgarri honen aurrean, zalantzak, gabeziak, aldarrikapenak plazaratu nahi ditugu, Hezkuntza Sailaren aldetik datozen proposamenak hitz hutsak izaten ari direla agerian uzteko.
Datorren ikasturteari begira, eta orain arte izan dugun egoerarekin ere, Covid 19a desagertuko balitz ere ez genuke "betiko normaltasunez" ikasturtea hasiko, kontuan izanda ikasleen arteko arrakala eta ez ohiko egoera bera. Zoritxarrez, Covid-19ak irailean zein datorren ikasturtean gurekin jarraituko du. Hortaz hauek dira gure proposamen argiak:
-Ordezkagunea normaltasunez berriz martxan jartzea, ikasle eta familien eskubideak bermatu eta langileon hitzarmen eta eskubideak errespetatu daitezen.
-Ordezkoen kontratazioa eten barik, ratioak erdira jeitsi eta jadanik areagotu diren hezkuntza premia bereziei aurre egiteko irakaslegoaren kontratazioa suspertzea eskatzen dugu.
-Umeen eta langileen beharrak eta hezkuntza premiak asetuko dituzten ganorazko baliabideak aurreikustea eta bermatzea (ordanagailuak, gela gehigarriak, espazio irekien erabilera eta giza baliabideak).
-Hezkuntza telematikoa bermatzeko beharrezko baliabideen inguruko proposamen argi eta eraginkor bat eskatzen dugu, langile eta familiak artatzeko eta arrakala digitala ekiditzeko.
-Erakundeen aldetik ahalik eta argibide gehien exijitzen dugu. Erabakietan hezkuntza komunitateko kide guztion parte hartzea eskatzen dugu: osasuna, ongizate emozionala, famili kontziliazioa eta ikasleen garapen iraunkorra ziurtatu dadin.
Ez digu balio sailburuaren aldetik inolako planik proposatu gabe eskolara itzuli behar izatearen agindua jasotzeak. Ez digu balio ezta ere epidemiologia kudeaketa bat diseinatzeko inolaz ere prestaturik ez dauden zuzendaritza taldeen eta langileen gain eskolak berriz zabaltzeko erantzunkizuna eta zama jartzeak. Neurriak eta aurreikuspenak Lakuaren eta Madrilen erantzunkizuna dira. Zenbait erabaki azkar batean zabaldu aurretik, hauek proposatu, adostu eta aurreikusi beharko lituzke sailburuak, bere esku dauden langile, ikasle, familia eta bestelako kide diren subjektu guztiekiko erantzunkizunez jokatuz.
Lakuako agintariak: lan baldintza duin eta egonkorrak sektore guztietako langileen oinarrizko eskubidea da. Baldintza horien bermea eta erantzukizuna administrazioaren ardura da. Zoritxarrez "pribilegiatu" terminoa erabiltzen duten horiek administrazioak ematen dizkion botere legislatibo eta ekonomikoak erabili egin dituzte azken hamarkadetan. Langileen baldintzak eta bizitzak xahutu, liberalizatu eta prekarietatearen bitartez benetako "pribilegiatuak" direnen mesedetan jarri dituzte. Ahaz dezakegu, azkenengo krisi gordinean murgildurik geundela, oraindik errenta altuenek gora egiten jarraitzen zutela? nola lor daiteke hori prekarietatearen bitartez ez bada?
Hau gutxi balitz, zerbitzu publikoak pribatizatu, ahuldu, eta diru partida publikoak benetan "pribilegiatuak" diren horien enpresen mesederako bideratu dituzte. "Inbertsio estrategikoak" deitzen dituzte. Bada, hezkuntza, ikerketa, gizarte garapena, osasuna, duintasuna, eta zahartze eta heriotza duina badira gizarte baten egin daitekeen inbertsio estrategiko garrantzitsuena.
Garaiok, garbi utzi digute bizitzak eta duintasuna erdigunean jartzen dituzten ereduak bermatu behar ditugula: familia kontziliazioari begira, umeen garapen integralari begira, hezkuntza komunitate osoaren ongizateari begira, elkar zainduz norbanakoa zaintzeko.
Finean, subjetuekin lan egiteko subjektuak behar dira. Eta horretarako guztirako erantzunak behar ditugu denon artean irtenbideak eraikiz, komunitate bat baikara.
Gutunarekin bat eginez gero, eman atxikimendua
*Ander Rico, Alaitz Larrañaga eta Julene Lazkano. Gasteizko irakasle talde baten izenean.