20 urte bete ditu Bai Euskarari Ziurtagiriak. 20 urte pasa dira, Kontseiluaren ekimenez, Donostian ospatu zen lehendabiziko banaketa ekitalditik, arlo sozioekonomikoan euskarari BAI esan eta lehenengo 231 gizarte eragile haiek konpromisoa hartu zutenetik.
Esango nuke agerikoa dela urteotan Bai Euskararik alor sozioekonomikoaren euskalduntzean gizarteari egin dion ekarpena, eragin dituen bilakaerak eta, guztiaren gainetik, azpimarratzeko modukoak direla ziurtagiria duten entitateen urte hauetako urratsak eta lorpenak. Hor dago, beraz, Bai Euskarariren emaria. Harrokeriarik gabe, ausartuko nintzateke esatera esistitu ez balitz, euskararen presentzia urriagoa izango zatekeela alor sozioekonomikoaren eremu guztietan. Espazio berriak irabazi ditugu, euren borondatez, euskaraz lan egiten, euskaraz kontsumitzeko aukerak areagotzen eta euskaraz bizitzea errazten ari diren sektore guztietako entitate hauei esker. Harro egoteko moduko ibilbidea da Bai Euskararirena, eta pozik egoteko modukoa da Bai Euskarari komunitatea osatzen duten Euskal Herri osoko milaka entitatek urte hauetan eragin dutena.
"Azpimarratzeko modukoak dira ziurtagiria duten entitateen urte hauetako urratsak eta lorpenak"
Eta, zer aldatu da 20 urte hauetan? Bada, hasiera hartan geundenok zahartu egin garela, baina Bai Euskarari proiektuak jakin du gaurkotzen eta, egoera zailenetan ere, ausardiaz aurrera egiten. Bidelagun ugari izan ditugu eta horiei eskertu nahi diet kezkak eta irtenbideak partekatu izana; 20 urte hauetan beste hainbat eragile ere bidaide izan bagenitu, ibilbidea are eraginkorragoa eta emankorragoa izango litzatekela ere ezin ahaztu.
Ekintzaileak izan gara, eta 2007tik aurrera, ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzeko Bai Euskarari Elkartea sortzeko apustuarekin batera, tresna zein baliabide eragingarriak eta proiektu berriak abiatu ditugu. Hor daude, ziurtagiriarekin batera gaur egun martxan dauden gainerakoak: Enpresarean, enpresa eta profesionalen sarea; Lansarean euskara hutsezko lan-ataria; Lazarraga Sariak; Euskaragileak enpresen batzordea, etab. Ezin aipatu gabe utzi beste eragile batzuek ere ekimenak abia ditzatela egindako akuilu lana.
Gizartearentzat balioa eta aberastasuna sortzen eta gizartearen ongizatea areagotzen laguntzen jarraituko dugu. Euskara dugu lanabes askok eta askok; eta gero eta gehiago gara aukera hori egiten dugun norbanako eta era guztietako enpresak eta erakundeak. Jakin badakigulako euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, sortzea, berritzea, ekitea, saltzea eta erostea, egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posible egiten badugu, gure ongizatea eta lurraldearen garapena handiagoak izango direla.
"Argi dugu komunitatea dela gure proiektuaren sostengu nagusia, gure iparrizarra"
20. urteurrenaren ospakizuna urte xelebre batean dator, azaleko gauzei garrantzia kendu eta pertsonentzat eta komunitatearentzat benetan funtsezkoak direnak erdigunean jarri dizkigun urtea. Etxean konfinatuta egon garen aste hauetan, argi ikusi dugu zein garrantzitsuak diren pertsonen arteko harremanak. Eta harreman horietarako tresna ditugu hizkuntzak; hizkuntza dugu saretzeko tresna, komunitateko kide sentitzeko elementu. Sare hori josteko tresna da Bai Euskarari Ziurtagiria. Argi dugu komunitatea dela gure proiektuaren sostengu nagusia, gure iparrizarra. Horregatik, komunitateari baliabideak eta tresna berriak eskaintzen jarraituko dugu, laneko zein gizarteko espazioak euskaraz betetzen eragiten jarraitzeko.
Ziurtagiriaren 20. urteurren honetan, zoriondu eta eskertu nahi dugu gure komunitateak egindako lana. Aurten, Bai Euskarari Sarien ekitaldirik ez dugu egingo, baina komunitate guztia saritu eta aitortu nahi dugu, une latzenetan ere euskararen aldeko apustua egiteagatik. Aurten, 3 saridun beharrean, 1.344 saridun izango ditugu.
ZORIONAK eta ESKERRIK ASKO! Jarrai dezagun geroa elkarrekin eraikitzen, euskaratik eta euskaraz.