Maialen Lujanbiok "euskarak behar du herri honen sistema eragilean" esan zuenetik, 2019ko apirilaren 14an, Gasteizen, 22. Korrika prestatzen hasi ginen. Horrela esan ohi dugu: edizio bat amaitu orduko, hurrengoarekin hasi; hasteko, euskararen normalizazioaren aldeko lanak etenik ez duelako, eta, horrez gain, aspaldi ekin geniolako hurrengo edizioaren antolaketari. Izan ere, 2021eko martxoan, berriro aterako gara errepidera!
Bitartean, mundua, guztion bizitzak, hankaz gora jarri dituen egoera ezagutu dugu, koronabirusak eragindako krisia, hain zuzen. AEKn, hasieratik, gure jarduera guztietan, testuinguru berrira egokitzen saiatu gara, eta tinko jarraitu dugu Korrikaren antolaketan; are gehiago, etorkizunerako genituen asmoak aurkeztu ditugu dagoeneko, kultur sorkuntzarako beka, esaterako, zeinetara aurkezteko epea zabalik dagoen.
Halaber, une honetan, adi eta etengabe aztertzen dihardugu bizi izaten ari garen mundu-mailako krisia. Ezohiko egoera latza pairatzen ari gara, Euskal Herriko familia eta etxe askotan (guztietan, beharbada) samina eta dolua pilatzen ari dira. Bestalde, egunero entzuten dugu egitasmoak eta proiektuak atzeratzen ari direla, edo bertan behera geratzen. Beraz, jarraitu aurretik, gure agurrik beroena helarazi nahi dizugu. Ezohiko egoera berezi eta tamalgarri honetan, bai zu bai zure ingurukoak ahalik eta indartsuena eustera animatu nahi zaituztegu.
Hala eta guztiz ere, jendarteak, sormen eta irudimen handiz, auzolanari, elkartasunari, baita bizipozari ere, eutsi die. Guk bide horretatik segitu nahi dugu, eta azpimarratu 22. Korrika aurrera ateratzeko asmo irmoa dugula, arduraz eta ausardiaz, urrats guztiak eginez. Errepidera aterako gara, aurreikusitakoaren arabera, euskararen aldeko ekitaldirik zirraragarriena euskal jendarteari eskaintzeko, auzolana, elkartasuna eta bizipoza oinarri. Horrenbestez, ondo bidean, azaroko bigarren astean 22. Korrika aurkeztuko dugu.
Azkenik, geuk ere argi dugunez mundua birpentsatzeko garaia dela, hainbat gogoeta partekatu nahi dugu zuekin:
22. edizioa badator, esan bezala, baina egoera guztietarako aurreikuspenak egin behar ditugulakoan gaude. Hasiak gara horretan: alde batetik, ezagutzen dugun Korrika egin ahal izateko, egokitzapenak egin behar izango ditugulako; beste alde batetik, Euskal Herriko bizimodua ez delako izango, zantzu guztien arabera, orain dela gutxi arte ezagutu duguna. Horretara moldatu beharko gara.
Korrikazaletzat ez ezik, aliatutzat ere bazaitugu; Korrikak zuei esker jarraitzen du bizirik. Hori dela eta, gure arteko komunikazioa inoiz baino gehiago indartu nahi dugu; alegia, zuen proposamenak eta kezkak jaso nahi ditugu, guztiok batera bide berriak aurreikus ditzagun. Gainera, zorionez, Euskal Herrian eragile adina egitasmo dugu, eta, goian esan bezala, horietako asko atzeratu edo egokitu egin behar izan dira. Geu ere prest gaude zuen bizipenak ezagutzeko, besteak beste inoiz baino beharrezkoagoa izango dugulako aliantzak egitea, batera jokatzea, komunitate hitza azpimarratuta.
Mezu honen bidez, hasierako harremana egin nahi izan dugu, Korrikaren ingurukoak guk geuk helarazteaz gain. Laster guztion arteko ekinbide gehiago izatea espero dugu.
Jaso AEKren besarkadarik beroena, eskerrik asko, eutsi goiari eta gogoratu: tipi-tapa, tipi-tapa, KORRIKA!