Koronabirusa

Globaliza dezagun elkartasuna!

Erabiltzailearen aurpegia Afrikaren aldeko taldea 2020ko mai. 11a, 07:27

Arg: UN.ORG

"Lurralde askotan kutsatu edo gosez hiltzearen artean aukeratu behar dute"

Planeta osoa eta gure etxeko atea jo duen pandemia hau hasi zenetik, denok ikusi dugu, ohi baino argiago, osasun arazo global baten aurrean gaudela. Egoera honetan, bestearen gaixotasuna nire gaixotasuna da, eta alderantziz; beraz, guztiok inplikatuko gaituzten irtenbide globalak behar ditugu, eta ez herrialdeak banan-banan kontuan hartuko dituztenak.

Albistegietan ikusi dugunez, Espainiako hainbat hiritako ospitaleetako larrialdietan kolapsoa egon da, baina imajina dezagun orain ZIUko oheak hutsaren hurrengoa diren eta eskuak xaboiz garbitze hutsa pribilegio bat den herrialde batean bizi garela. Afrikan –bereziki Saharaz hegoaldeko Afrikan–, bere aniztasunaren barruan, sekulako eragina izan dezake Covid-19aren pandemia globalak, osasun sistema eta osasun azpiegitura hauskorrak, biztanleriaren higiene eta osasun baldintzen prekarietatea eta bizirauteko zailtasun nabarmenak direla eta, familia askok egunean eguneko ekonomia informala baitute oinarri.

Joan den apirilaren 15ean, Pedro Sanchezek, Europako eta Afrikako beste 17 buruzagirekin batera (tartean, Conte, Merkel eta Macron), gutxienez 100 milioi euroren laguntza eskatu die, besteak beste, Nazioarteko Diru Funtsari, Munduko Bankuari eta Afrikako Garapen Bankuari, Financial Times egunkariak argitaratutako gutun batean. Baina, gainera, geure buruari zera galdetzen diogu: zer egingo du Europako gobernu horietako bakoitzak bere aldetik?

Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Afrikako Zentroaren arabera (CDC Afrika, ingelesezko siglen arabera), 2020ko apirilaren 19an 22.275 kasu erregistratu ziren (1.119 heriotza), eta Egipto eta Hegoafrika izan ziren Afrikako herrialde kaltetuenak. Hala ere, erregistratutako datuak eta kasu errealenak oso bestelakoak izan daitezke, batez ere baliabide eta diagnostikorako test gutxi dituzten herrialdeetan. Perspektiban jartzearren, Espainian bakarrik, kaltetuen kopurua 8 bider handiagoa da, eta hildakoena, berriz, 18 bider handiagoa. Aurreikuspenen arabera, Afrika pandemiaren atarian baino ez dago.

Afrikako kontinentean asko eta asko dira modu kolektiboan bizi diren pertsonak (askotan familia osoa gela bakar batean bizi da); ehuneko oso txiki batek dauka iturriko ura edo xaboia eskuratzeko aukera; ospitaleak gainez eginda daude pandemia hau hasi aurretik ere, non ZIUko oheak eta arnasgailuak mugatuta dauden, edo ez dauden, osasun zentro askotan gertatzen den bezala; ekonomia informala da familia askoren sostengua, izan ere, egunero lanera atera ezean, ez daukate zer jan… Testuinguru horretan, pandemiak larriagotu egin dezake Europan ahazturik genituen beste gaixotasun batzuk –hala nola tuberkulosia eta malaria–; baita pobrezia eta osasun sistema eskas bat pairatzen dituen populazioaren ahultasuna ere.

Aurrekoari eutsiz, bereziki egoki ikusten dugu gogoratzea 2018an 10 milioi pertsona gaixotu zirela tuberkulosiaz mundu osoan, eta horietatik 1,5 milioi gaixotasunaren ondorioz hil zirela. Afrika izan zen kasu berrien kopururik handiena bildu zuen bigarren lurraldea (%24), hego-ekialdeko Asiaren atzetik (kasu berrien %44). [...]

Egia da Afrika askotarikoa dela eta pandemiari hainbat modutan ari direla aurre egiten, baina badira herrialde batzuk neurri sanitario, sozial eta ekonomikoak aurrez hartzen ari direnak, hala nola mugak ixtea, etxeratze aginduak ematea, talde jarduerak mugatzea, eta abar… Lan egiten dugun herrialdeei dagokienez, Kongoko Errepublika Demokratikoaren hiriburu den Kinshasa hirian, jarduera ekonomikoak mugatu diren arren, erabaki zen familiak lau egunean isolatuta egotea eta hurrengo bi egunetan beren produktuak merkatuetan saltzera joan ahal izatea; hala ere, neurri hori atzera bota dute, eta kasu positibo gehien dituen auzoan baino ez da konfinamendua ezarri. Hori gertatzen da lurralde askotan biztanleek kutsatzearen edo gosez hiltzearen artean aukeratu behar dutelako. Senegalen ere bilkura publikoak debekatu dituzte; Ginea Konakryn ikastetxeak, unibertsitateak eta gurtza lekuak itxi dituzte; Kenyak zergak jaistea onartu du egoera honi aurre egiteko, eta abar. [...]

Afrikaren Aldeko Taldekook kezkaturik ikusten dugu Afrikako kontinentean sortzen hasi den egoera, eta, halako krisi latz baten aurrean, nazioarteko elkartasunaren beharra aldarrikatzen dugu, Afrikan izan dezakeen inpaktua arintzeko. Ezin dugu atzean utzi populaziorik ahulena eta munduko herrialderik pobreenak dituen kontinentea. Elkartasun hori ezin da nazioarteko erakundeei neurriak eskatzera mugatu. Tokiko konpromisoak eta lankidetza deszentralizatuak, baliabide izan behar dute Afrikako herrialdeentzat. [...]

Zera eskatzen dugu: #EzUtziInorAtzean, horretarako, herri ahulenekin dugun konpromiso solidarioaren garrantzia eta beharra berrestea eskatzen dugu, eta horrek esan nahi du erakunde publikoek nazioarteko lankidetza eta elkartasun politikei eustea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago