Gora Munduko Aldeaquemada guztiak!

Erabiltzailearen aurpegia Santi Hernando 2020ko mai. 3a, 11:14

Arg: Siente Andalucía

Apirileko Laudioko Udaleko osoko bilkura telematikoan Aldeaquemada eta Laudio udalerrien arteko senidetzea erabaki zen. Penarik eta loriarik gabeko osoko bilkura bat izan zen, publikorik gabekoa, 17 zinegotzi eta idazkaria, udal gobernu taldeak gaia gaiordenean presaka eta korrika sartu zuen. Proposamena alkatetzak eraman zuen Andaluziako etxea sortu zuteneko 50. urtemuga dela eta pertsona batzuk egindako ekimen bezala.

Laudioko EHBilduk gaia hurrengo osoko bilkura presentzial batera eramatea defendatu genuen, hau bezalako erabaki bat osoko bilkura jendetsu batean, herriaren parte-hartzearekin, proposamena egiten dutenen ahotsarekin, era alaitsu batez, sentimenduarekin eta konpartitua hartu behar delako, txalo zaparrada batez bukatzeko, eta jarraian ospatzera joateko gogoarekin. Aldiz, erabakia era burokratiko batez hartu zen, presarekin, eta publiko eta sentimendu gabe. Guk hau dela eta abstentzio kritikoa bozkatu genuen.

Laudion Aldeaquemada da biztanleriaren arbasoen jatorriaren arabera hirugarren herria, Laudio bera eta Orozkoren atzean.

Ni 1963an Aretan jaio nintzen, nire ama erditzera Bilbora eraman bazuten ere. Nire yayo-yaya Aretara etorri ziren Francoren estatu-kolpea baino lehenago. Nire ama Aretan jaiotakoa da eta nire aita Ollaurin, bere anaia bat Aretan jaio bazen ere. Ni migrateen hirugarren belaunaldiko laudioarra naiz, eta inoiz "maqueto" deitu didate, aipatu nahi ez dudan alderdi bateko militanteren batek. 

Jaio nintzen garaian Laudion hazkunde demografiko ikaragarria egon zen migrazioari esker, 1960tik (7.000 biztanle) 1980ra (21.000 biztanle) Laudioko biztanleria hirukoiztu egin zen. Garai haietan Aldeaquemadatik, eta Aldeaquemada bezalako Iberiar penintsulako zenbait herritatik jende asko etorri zen Laudiora, bere herrietan diktadura faxistaren ondorioz pairatzen zituzten behar sozial larriak gainditzeko asmoz. Laudiora patuak ekarri zituen. Garai biziak, borrokalariak eta kultur aniztasun handikoak ziren.

Diktadore faxista 1975eko azaroaren 20an hil zen, ni "escuela nacional"-ean nengoen. Kide baten urtebetetzea zen eta hori ospatzeko ekarri zituen karameluak leihotik bota zituen jolastokian geunden guztion pozerako. "Escuela nacional"-ean oporrak heltzen zirenean bi talde sortzen ziren, bat herria genuenona eta beste talde bat herria ez zutenena. "Escuela nacional"-ak bere helburuen artean ez zuen gu euskalduntzea, eta nire amaren "astunkeria"-ri esker AEKn hasi nintzen eta testu hau euskaraz sortzen ari naiz, nire bizitza gehiena euskaraz izanik bere esparru guztietan. Aurretik etorritako askok ahalegin itzela egin zuten euren seme-alabek euskararen herrian –Euskal Herrian– euskaraz bizi ahal izateko eta gure kulturan sustraitzeko. Neuk ere gazte-gazterik argi izan nuen euskararen herrian euskara ezinbesteko nuela eta horretarako etxekoen babesa izan nuen. Aldeaquemadakoek egin zuten moduan, gaur egun ere, Fatimetu, Ibrahim edo Amina Laudiora etorri dira bizimodu duin baten bila, eta euren seme-alabak ere gurean ari dira sustraitzen, gurasoen babesarekin eta denek ikusi dute etxekoen sustraiak baztertu barik, euskararen herriko parte direla.

Gero, PSOE-ren eskutik, ERREKONBERTSIOA heldu zen. Batzuk inoiz bere herrian itxi ez zuten etxera bueltatu ziren; beste batzuk geratu ziren. Aldeaquemadan, Iberiar peninsulako beste zenbait herritan bezala, badaude zenbait pertsona Laudion bizi edota jaio izan direnak.

Laudio eta Aldeaquemadaren arteko senidetzeak balio behar du migrazio egoeratik pasatu diren pertsona guztien senidetze bezala, bai Iberiar peninsulatik etorritakoentzat, bai azkenenko hamarkadetan bezala ondoko estatuetatik edota beste kontinentetatik etorri eta etortzen ari direnentzat.

*Santi Hernado Saez, Nines eta Riojaren semea, EHBilduko zinegotzia

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago