Gutuna

Alkate jauna: kontatu egia gasteiztarrei

Erabiltzailearen aurpegia Josemari Lopez de Arbina 2020ko mai. 4a, 06:00

"Ekitaldirik ez zen egon; gurutzea ez zen inoiz inauguratu, ezta bedeinkatu ere."

Duela pare bat urtetik hona, zure era guztietako adierazpenak entzun dira Olarizuko gurutzearen inguruan, eta benetako burugabekeriak esaten dira haren eraikuntzari eta esanahiari buruz. Horien aurrean, ezin izan diot eutsi eta konfinamendu honetaz baliatuz, hainbat iturritatik bildutako datuekin batera nire iritzia ematea erabaki dut.

Gurutzearen eraikuntzari dagokionez, hiru dira aitzindariak: Apraiz, Gereñu eta Olazagoitia. Beren mendi-elkarteko beste mendizale batzuekin batera, tartean nire aita, Arabako hainbat menditan beste gurutze batzuk egin zituzten, 1900. urte jubileoan Leon XIII.a aita santuak mendietan gurutzeak eraikitzeko egindako gomendioari jarraituz. Katoliko onak zirenez, Olarizuko gurutzearen eraikuntzan parte hartzea erabaki zuten, jakin gabe beste konnotazio desberdinak izango zituela.

Gurutzea 1951ko azaroan eraiki zuten Gasteizen egin zen Misio Santuaren ospakizunean; Erdi Aroko ospakizun bat zen Misio Santua, XIX. mendean erabilerarik gabe geratu eta Gerra Zibilaren ondoren eliza frankistak berreskuratu zuena; garaiko ideologiaren testuinguruan, bere antolakuntzan agintari zibil, erlijioso eta militarrek parte hartu zuten.

1952ko martxoaren 26an, Udal Konstituzionalak gurutzea eraikitzea baimendu zuen. Hiru egun beranduago, Mugimenduaren Probintzia Kontseiluak bilkura egin zuen,  eta Luis Maria Ballestero probintzia buru eta gobernadore zibilak zera agindu zuen: "Gurutze monumental horretan eta oinarrian, gure Gurutzadako arabar apaiz martirien izenak grabatzea, Jainkoaren eta Espainiaren alde bizia emateagatik".

Agindu zorrotz horrek sustatzaileen eta gobernadore zibilaren arteko desadostasun larriak eragin zituen. Izan ere, Apraizek, Lopez de Gereñuk eta Saez de Olazagoitiak uko egiten zioten gobernadoreak agindutakoari.

Gurutzea eraikitzen hasi ziren eta zazpi hilabeteren buruan Ballestero gobernadoreak idatzi gogor bat bidali zion Emilio Apraizi, berak agindutakoa gurutzean grabatzeko betebeharra jasoz.

1952.11.22. Gurutzea inauguratzeko eguna iristear zegoen. Gobernadoreak gurutzean jartzea eskatzen zituen izenak agertu gabe zeuden oraindik. Espiritu erabat autoritarioarekin, Luis Martin Ballestero Mugimenduko gobernadore zibilak hau exijitu zion Emilio Apraizi: "Apaizen izenak grabazio osoarekin gurutzean egotea 24 orduko epean".

1952-11-23. Igandea da, inauguraziorako aurreikusitako eguna. Gurutzea Jainkoagatik eta Espainiagatik bizia eman zuten apaizen izenekin agertu zen. Ekitaldi-egitarau zabalaren artean, Olarizuko zelaitik abiatuko zen gurutze-bide bat zegoen. Hamalau geltokietako otoitza amaitu ondoren, Jose Maria Bueno Monreal apezpiku frankistak gurutzea bedeinkatuko zuen, ondoren meza santua eginez. Gasteizko hiru sustatzaileak egun horretan ez ziren agertu.

Prestaketa guztiak bertan behera geratu ziren, atzeratu gabe. Ekintza bakar bat ere ezin izan zen gauzatu. Gurutzea ez zen inoiz inauguratu, ezta bedeinkatu ere.

Olarizuko gurutzean jarrita dagoen oroigarria. Argazkia: ALEA

Gurutzea eraikitzearen gastua 42.000 pezetakoa izan zen, eta, udal txostenean agertzen denaren arabera, herri diru-bilketaren bidez ordaindu zuten. Egia esan, erregimenarekiko mendekotasuna zuten Gasteizko familia ezagunen ekarpenek asebete zuten; haien izenak eta kantitateen ekarpenak garaiko egunkarietan ageri dira. "Arrazionamendu kartillarekin" funtzionatzen zen urte haietan eta gasteiztarrek nahikoa zuten hilabete amaierara iristearekin, janaria arrazionalizatuz. Ez zeuden gurutze batentzako dohainak egiteko moduan.

Urtaran jauna: 2017ko urrian, Gasteizen frankismoari buruz Udalean sortutako taldeari aurkeztu zenion Memoria Historikoaren Planaren barruan, sinbologia frankista testuinguruan kokatu behar zela esaten zenuen, gure hirian oraindik presente dauden hiru ikur frankistetan plaka informatiboak jarriz: Maria Inmaculada katedralean, Gobernu Zibilean eta Olarizuko gurutzean.

2017ko martxoan, euskal telebista publikoaren Equipo de redacción saioan, memoria historikoaren eta ikur frankisten gaia jorratu zen. Aurkezleak Virginia Lopez de Maturana historialariari Araban zeuden sinbolo guztiei buruz galdetuta, bost aipatu zituen: katedral Berriaren armarria, Gobernu Zibilaren armarria, Olarizuko gurutzea, Legutioko monumentua eta Fontechako eskultura bat.

Bitxia bada ere, 2018ko apirilean, Gasteizko gerra zibilaren eta diktadura frankistaren aztarnei buruzko txosten tekniko bat egiteko agindu zion udalak historialari horri. Komunikabide batek Mendiolako kontzejuak gurutzeari buruz hartutako erabakia esklusiboki argitaratu eta egun batera, urtebete lehenago hari buruz emandako bertsioa aldatu zuen.

Aurreko guztia ikusita, ez dago zalantzarik Olarizuko gurutzea sinbologia frankistarekin batera lotuta datorrela eta horregatik desagerrarazi behar da.

Azkenaldian, zu, Urtaran jauna, monumentu horren alde egin zuten frankisten ondoan jarri zara, monumentu hori goratuz eta goraipatuz.

Ez jarraitu engainuarekin,  gasteiztarrok zuk bezala pentsa dezagun, sinistu behar baitugu gurutze hori gure ondarearen, gure tradizioaren eta gure kulturaren parte dela, eta ikur frankista hori Gasteizko ikur gisa onartu behar dugula.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago