Koronabirusa

Denon hezkuntza eskubidea bermatu denontzat

Erabiltzailearen aurpegia Ana Perez, Aitor Idigoras eta Nagore Iturrioz (STEILAS) 2020ko api. 6a, 11:51

Aramaioko eskola itxita. / GOIENA

"Premiazkoa da adostasunak lortzea hezkuntza sistema planifikatzeko oinarrizko erreferentzia gisa ekitatea aldarrikatzen dugun eragileen artean. Une berezi honek gure hezkuntza sistemaren josturak berrikusteko balio behar digu".

Ikasle guztien hezkuntzarako eskubideak bermatuta egon behar du gure hezkuntza sisteman, uneoro eta edozein egoeraren aurrean. Pairatzen ari garen osasun krisia hasi baino lehen, STEILASek jada salatzen zuen zentzu horretan dagoen berme falta. EAEko hezkuntza sisteman familien egoera sozioekonomikoaren araberako desberdintasunak Europa osoko altuenen artean daude. Beraz, familia askoren ahultasun sozioekonomikoa nabarmen handia zen krisi honen aurretik euskal eskola-sisteman.

"Pandemia geldiarazteko neurriak gure hezkuntzan bizi den desberdintasun egoera areagotu egin du"

Hezkuntza sisteman pandemia geldiarazteko hartu behar izan den neurriak gure hezkuntzan bizi den desberdintasun egoera azaleratzeaz gain, desberdintasun hori areagotu egin du, familia askoren zaurgarritasun egoera muturrera eramanez; eta agerian utzi ditu gure hezkuntza sistemaren gabezia nagusiak.

Gaur egun, ikasleen zati bat desagertuta dago, eta beste zati handi batek ez du baliabide nahikorik agintzen zaien eguneroko lana egiteko. Benetako zifrak ezagutzen ez baditugu ere, badakigu irakasle talde askorentzat hori dela kezka nagusia.

Hezkuntza Sailak gainezka egin du egoera horren aurrean, ez du ekitatea lehentasunez hartu, eta profesionalak izan dira egoera horri irteera eman diotenak, inguruko errealitatera egokituta eta ahal izan duten neurrian.

Hala eta guztiz ere, gure ikasleen ehuneko esanguratsu batek hezkuntza sistematik kanpo jarraitzen du. Egoera hori are larriagoa da premia bereziak dituzten ikasleen zein gela egonkorren eta abarren kasuan: haien arreta desagertu egin baita, baliabiderik gabe geratu baita, eta erabat ikusezin bihurtu baita, normaltasun irudia hautsi ez dadin.

"Gure ikasleen ehuneko esanguratsu batek hezkuntza sistematik kanpo jarraitzen du"

Kezkatzen gaitu, halaber, zenbait patronalek eta euskal komunikabide publikok egoera lazgarri hau aprobetxatuz gizarteari marketing kanpainak egiteko helarazi nahi dioten normaltasun irudiak.

Jarrera horien aurrean, STEILASek dei egiten dio hezkuntza komunitate osoari bere eguneroko lanaren printzipio gisa ikasle guztien aukera berdintasuna manten dezan eta, horretarako, eskura dituen baliabide guztiak erabil ditzan.

Egoera honetan, baliabide telematikoek ikasle batzuek curriculumeko alderdi jakin batzuk lantzen jarraitu ahal izateko balio dute soilik; baina, nolanahi ere, oso urrun daude hezkuntzatik. Horregatik, zentro asko, gehienak publikoak, biztanleria ahulenarekin egiten ari diren lana goraipatzekoa da.

"Hezkuntza Sailak erabaki du baja egoeran dauden langileak ez ordezkatzea, milaka ikasle erreferenterik gabe utziz"

Arrazoi horiengatik guztiengatik, hezkuntzako profesionalak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Koordinazioa, familiei arreta ematea, lanak berrikustea eta plantillak osatzen dituzten gainerako profesionalekin lankidetzan aritzea inoiz baino garrantzitsuagoa izaten ari da. Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Sailak erabaki du baja egoeran dauden langileak ez ordezkatzea, milaka ikasle ikastetxean inolako erreferenterik gabe utziz.

Ulertezina da Eusko Jaurlaritzak produkzio jarduerari eusteko apustua egiten duen bitartean, eta enpresa askotako langileak lanera joatera behartu nahi dituen bitartean, Hezkuntza Sailak berak bajak ez estaltzea, baimen guztiak etetea edo lanaldi aldaketak ez baimentzea.

Bajak ez betetzeak, lan eskubideak murrizteaz gain eta duela bi urte lortutako akordioa ez betetzeaz gain, ikasleen hezkuntzarako eskubidea ere urratzen du. 

"Hezkuntza enpresek langileen eskura jarri behar dituzte telelana egin ahal izateko baliabideak"

Gainera, egiaztatu dugu ikastetxe pribatuetan gehiegikeriaz erabiltzen ari direla martxoaren 17ko lege dekretua ERTEak ezartzeko, bereziki 0-3 etapan, ikastetxeek irekita egon behar dutenean. Benetan larria da, gainera, Hezkuntza Sailaren aldetik etapa honetarako jasotzen dituzten dirulaguntzak osorik mantentzen direnean (apirilaren 2ko EHAAren 1777 Ebazpenean jasotzen den bezala). Hezkuntza enpresa horiek eta erakunde titularrek atzera egin behar dute, eta langileen eskura jarri behar dituzte jarduerak telelanaren bidez egin ahal izateko behar diren baliabide guztiak. 

Premiazkoa da hezkuntza sistema planifikatzeko oinarrizko erreferentzia gisa ekitatea aldarrikatzen dugun eragileen arteko adostasunak lortzea. Bizitzen ari garen une berezi honek gure hezkuntza sistemaren josturak berrikusteko balio behar digu. Ez gaitezen erori aldi birtual hori soilik konponduko duten epe laburreko soluzioetan. Pentsa dezagun aurrez aurreko eskolan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago