Koronabirusa

Futbola, saskibaloia, txirrindularitza... ez dira gauzarik garrantzitsuenak

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Gorrisi 2020ko api. 3a, 13:34

"Irabaziko dugu, eta Txagorritxuko ospitaleko langileek kantatzen duten bezala: ez gaitu inork geldituko".

Gauden egoeran gaudela, ez dago inongo dudarik "lehentasuna" koronobirusaren zabalpenari mugak jartzea eta langileen zein herritarren osasuna zaintzeko erabakiak hartzea dela. Horrexegatik, kirola azkenengo mailan kokatu behar dugu, ezbairik gabe.

Momentuz, ataka larrian gaude, eta talde lana ezinbestekoa da. Gerora ere behar-beharrezkoa izango da denok bat eginik aurrera egitea. Aurreikuspenak ez dira batere itxaropentsuak: langabeziaren gorakada, kaleratzeak, soldata jaitsierak, gastu publikoaren murrizketa, bazterkeria...

"Futbolaz aparte gauza askoz garrantzitsuagoak dauden pentsamendua azaleratu da; osasuna de lehendabizikoa"

Beraz, kirolaren inguruan gogoeta sakonak egiteko unea da. Milioiak eta milioiak mugitzen ditu, goi mailan erabat neurriz kanpo. Orain, balio handiegia eman izan diogula ikusten ari gara. Gaitz hau eragiten ari den guztiarekin, futbolaz aparte gauza askoz garrantzitsuagoak dauden pentsamendua azaleratu da. Guztien gainetik osasuna de lehendabizikoa.

Horrez gain, zenbait kiroletan -batez ere futbolean-, sustatzen, sortzen eta bultzatzen diren balioak kolokan jarri behar dira. Dirua aipatzen ari gara, eta horrek dena hankaz gora jarri eta desitxuratzen du. Errespetua falta da. Harmailetan irain arrazistak izaten dira jokalarien aurka, epaileei sekulako astakeriak esaten dizkiete, eta berdegunean engainua, txakurkeria eta harrokeria dira nagusi.

Egun hauetan ikusten ari gara mundu horretako dirua batera eta bestera darabiltenek ez dutela kontutan hartzen ez zaleak, ezta kirolariak ere. Batetik, Frantzian esan zuten Tourra errepideetan zalerik gabe korrituko zela. Kopako finala ateak itxita jokatuko zela. Bestetik, Liga bai ala bai bukatu behar dela, nahiz eta bi egunetik bi egunera partidarik jokatu. Ez al dira konturatzen guzti honen zutaberik nagusiena kirolariak eta zaleak direla?

"Zenbait kiroletan bultzatzen diren balioak kolokan jarri behar dira"

Berrogeialdiak hausnarketarako tartea eskaintzen du. Birusari aurre egiteko, kirolean murgilduko gara. Probak egin behar ditugu, lasterketa bizia botikak eta tratamendua lortzeko; eta nola ez, TALDE LANA denok batera partida edo lasterketa irabazteko.

Irabazi, irabaziko dugu, eta Txagorritxuko ospitaleko langileek kantatzen duten bezala: "Ez gaitu inork geldituko".

Era berean, ez dugu ahaztu behar Alaves-Baskonia Taldeak aldi baterako lan-erregulazioa ezarri diela bere jokalari eta langile guztiei; hau da, guztira 766 langileri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago