Koronabirusa

Zabaldu dezagun birusa

Erabiltzailearen aurpegia Maite Solozabal Kortabarria 2020ko mar. 18a, 13:35

2.000 boluntariotik gora daude martxan Batera zaintza sare herritarrean. / @enaizinor

"Zabaldu dezagun birusa, eguneko 19 irri, 19 muxu eta 19 besarkada nahikoa izan baitaitezke birusa hedatzen hasteko. Norbanakotik, indibidualetik hasi eta kolektibora".

Duela aste batzuetatik hona Covid-19a izan da gure gizartea ukitu duen gaia. Gaur egun, guztiok aski ezaguna dugun birusa. Birusa zentzu guztietan, kolokan jarri baitu gure gizartea; hasi politikatik, ekonomiatik pasa, osasun zentroak kolpatu eta norberaren egunerokotasuna kolokan jartzeraino.  

Hasieran, umorez hartu genuen; ostean, ezjakintasun eta beldurrez. Orain, emozio horiek eta beste asko nahasten dituen zurrunbilo batean sarturik gaudela esan dezakegu. Hala ere, zurrunbiloak zurrunbilo, zer pentsa ematen duen gaia izan ere bada; kolektibotik hasi eta indibidualeraino.

Ez naiz politikariak hartutako prebentzio neurriez eta moduez ariko, nondik hasi jakingo ez nuke eta, hori bai zurrunbiloa!

"Geure buruarentzako denbora hartzen badakigula esan daiteke. Beste aukerarik ez denean, baina.  Ba al dakigu denbora hori gozatzen ordea?"

Bai, ordea, nitaz, gutaz, bizilagunez, kaleaz, hiriaz… gizarteaz, finean. Ezustean hain sozialak eta kaletarrak garen gizakioi kontraesan handi baten barruan sartu gaitu gizarteak berak. Hasiera batean tentsioz eta beldurrez hartu genuen emergentzia egoera delakoa. Emergentziazko egoera, baina, gure bizitza soziala eten izan den momentuan bihurtu da emergentziazko.

Askotan pentsatu izan dugu badakigula norberak bere buruarekin egoteko denbora hartzen. Egoera honetan, aldiz, hausnarketa ugari piztu zaizkit. Nork ez du pentsatu gure egunerokoan zeinen abiadura bizkorrean ibiltzen garen? Ba ote dakigu gelditzen? Geldirik egoten? Momentua eta oraina bizitzen? Geure buruarentzako denbora hartzen badakigula esan daiteke. Beste aukerarik ez denean, baina.  Ba al dakigu denbora hori gozatzen ordea?

Hausnarketak hausnarketa, zer pentsa eman dit bereziki birus honek. Erosketa azkar bat egitera jaisterakoan tentsioa suma daiteke kalean, bai-eta elkartasuna, neurri berean. Mugikorra sutan dabilen egun hauetan, umorea eta sormena da nagusi guatxap talde eta lagunekin elkarbanatutako bideo deietan. Arratsaldeko zortzietan etxeko leihoan jarri eta txalo zaparrada jotzera irteterakoan, orainartean inoiz agurtu ez duzun bizilagunaren aurpegian, esperantza eta laguntasuna suma daiteke.

Nork daki, agian, guzti hau pasatzen denean, hain sozialak eta kaletarrak garen pertsonon bizitza aldatu lezake birus honek. Momentu ona izan daiteke etxeko isolamendutik irten eta gure ingurune hurbila aldatzeko. Leihotik pareko bizilaguna agurtzen hasi, kalean jende ezezaguna irribarre batez agurtu edota gure betiko tabernetako jendea muxu eta besarkadaz agurtzen hasteko unea!

"Hausnarketak hausnarketa eta kontraesanak kontraesan, etxe edo bizileku bakoitzera  goxotasunez beteriko irribarre handi eta besarkada bana!"

Ingurune hurbiletik hasi eta gizartea aldatzekoa. Hainbeste kostatu, baina aldi berean hain gustuko eta beharrezko dugun alaitasun, laguntasun eta maitasuna ikusgarri egiteko unea. Nork daki zenbat egunen ostean izango den: 14 egun, 15, 16… edo 19, akaso. Auskalo! Zabaldu dezagun birusa, eguneko 19 irri, 19 muxu eta 19 besarkada nahikoa izan baitaitezke birusa hedatzen hasteko. Norbanakotik, indibidualetik hasi eta kolektibora.

Hausnarketak hausnarketa eta kontraesanak kontraesan, etxe edo bizileku bakoitzera  goxotasunez beteriko irribarre handi eta besarkada bana!

Norbere buruaz eta lasaitasunaz gozatzera! Etxetik irten orduko mundua alda baitaiteke! Birusarekin ala birus gabe, kalean elkartuko gara! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago