Hezkuntza eta Osasun Saileko arduradun horiek:
Covid-19 koronabirusaren eraginez bizi dugun ezohiko egoera honen aurrean, Mendebaldea BHI ikastetxeko irakasleok eta langileok ondorengo eskaera egin nahi dizuegu:
Birusaren zabalkuntza dela eta, kontraesanak ikusten ditugu Osasun Sailak eta Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ematen dituen gomendioen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik jasotako aginduen artean. Hori dela eta:
Irakasle eta langile guztiok arriskugune honetara etortzen gara lanera eta ondorioz, ez al gabiltza birusa zabaltzeko arriskua handitzen, kanpoan bizi garenok gure herrietara itzultzean? Ez al genuke arrisku eremua murriztuko irakasleok etxetik bertatik lana egin ahal izango bagenu? Ez al litzateke egokiagoa Italian, Txinan zein Espainiar estatuko beste komunitatea batzuetan jadanik hartu dituzten erabakien bidetik jotzea? Zeri ari gara itxaroten? Zer gertatzen da arrisku-taldean dauden gure lankideekin? Zer gertatzen da arrisku-taldean dauden gure lankideen senideekin?
Are onartezinagoa iruditzen zaigu egoera hau, kontuan hartuta, gure ikastetxean asteartean hasi eta ostiralera arte, inongo arazorik gabe eta modu eraginkorrean irakasle asko etxetik lanean aritu direla, eta, orain, hezkuntza sailburuordearen aginduz gure ohiko ordutegian eskolara etortzera behartu gaituztela jakinda. Zein izan da irizpidea erabaki hori hartzeko? Ez al gara ba gaur eguneko hezkuntzan IKTen aldeko apustu bat egiten ari? Ez al ditugu ba gure ikasleak konpetentzia digitalean trebatu behar?
Lotsagarria iruditzen zaigu, halaber, Zuzendaritza taldea eta Zuzendaria bera guztiok lanera gatozela ziurtatzeko irakasleok kontrolatzera behartzea.
Hau horrela izanda, ondorengo eskaera egin nahi dizuegu: langileok etxetik lan egiteko aukera izatea, neurri hau bat datorrelako MOE Munduko Osasun Erakundearen eta Osasun Sailaren neurriekin.
Gure eskaera kontuan izango duzuelakoan, besterik gabe.
Mendebaldea BHIko Klaustroaren izenean
Mendebaldea BHIko langileek idatzi dute gutuna, eta hezkuntza zentro gehiagotan atxikimenduak jasotzen ari dira.
Ekimen deszentralizatua da eta ikastetxe bakoitzak testua osatu eta Eusko Jaurlaritzara helarazteko deia egin dute antolatzaileek.