Kezkaz bizi ditugu azken asteak. Baina, osasun krisi honek sor diezagukeen shock-a gainditu beharrean gaude, paniko egoera orokortua baliaturik langileon kaltetan hartu diren neurriez jabetzeko. Esan beharrik ez dago, guztion ongizatera bideratuta dauden neurri guztiak onargarriak eta berebizikoak direla eta auzitan jarri nahi duguna ez dela hauen beharrezkotasuna, nolakotasuna baizik.
Bulego ezberdinetan negoziatzen ari diren urgentziazko neurriek, ohi bezala, larrialdi honetatik irteteko erraztasun gehien dituzten jabeen eta langileen egoera bideratuta daude, sektore kolpatuenak alde batera utziz. Hau ez da zerbait berria, krisi eta berregokitzapen ekonomikoetan langile sektore txiroenak dira gehien pairatzen dutenak (azpikontratatuak, aldi baterako langileak, ETTak...).
Eta azken asteetan, inpotentziaz ikusi dugu joera hau Gasteizko zenbait langileok. Adibide batzuk jartzearren, Gasteizko Unibertsitateko garbitzaileei %100eko zerbitzuak inposatu izana edota gertuagotik ezagutzen dugun eskoletako jantokien egoera. Izan ere, azken hauetan, argia da langileen arteko arrakala: lan baldintza eskasenak pairatzen dituztenak (aldi baterako langileak, paroa kobratu ezin dutenak...) kalera doazen bitartean, irakaslegoak bere soldata mantentzen du.
Honekin, ordea, ez dadila ulertu beste langile sektoreen kalterako neurriak irtenbidetzat hartzen ditugunik. Irtenbidea, ikusi nahi duenarentzat, sinplea da: guztion osasuna guztion ardura da, eta are gehiago bitarteko gehien dutenena. Guztion ardura da bermatzea osasun krisi hau ez dadin gutxien dutenentzako esfortzu jasanezina bilakatu.
*Gasteizko eskoletako jantokien zenbait langile.