2016ko urriaren 26an sartu zen nire amaginarreba zahar-egoitza pribatu batean osasun krisialdi larri bat jasan ondoren. Hilabete batzuk geroago harremanetan jarri ginen zuzentzen duzun erakundearekin. Egoitza publikoa nahi genuen gure amarentzako, baina ez da horrela izan. Duela egun batzuk hil da nire emaztearen ama hiru urte egoitza pribatuan egin eta gero.
Lehenengo eta behin, guk amarentzako Foru Aldundiari eskatu geniona ez zen diru-laguntza bat, baizik eta plaza bat egoitza publiko batean. Prest ginen amari zegokion prezio publikoa ordaintzeko, baina plaza publiko librerik ez zegoenez, eta, gizarte-langileak esan zigunez itxarote-zerrenda luzea zenez gero, zegoen egoitza pribatuan jarraitu behar izan du amak hil egin den arte.
Izapide gogaikarri eta astun baten ondoren, sei hilabete behar izan ziren mendekotasuna aintzatesteko eskabidea tramitatu genuenetik diru-laguntzaren komunikazioa jaso arte. Aldiz, lau egun nahikoak izan dira ama hil zela telefonoz gizartelangileari jakinarazi eta prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidearen iraungitzea erabakitzeko. Epe luzea eta eragozpenak alta jasotzeko, berehalakotasuna eta erraztasunak, ordea, baja emateko.
Menpekotasun larriaren aitorpenaren egun berean diru-laguntza indarrean jarri beharrean, lau hilabete beranduago hasi zen ama diru-laguntza jasotzen. Ordea, hil zen egun beretik eman diozue baja, ondo kudeatu behar da diru publikoa eta.
Txeke baten bidez nahi ditu Foru Aldundiak bete gure nagusien beharrak, egoitzen plaza publikoak sustatu ordez, menpekotasuna negozioa bihurtuz eta ekimen pribatuaren eskutan utziz. Gero eta gehiago ari dira zabaltzen Araban zehar zahar-egoitzak, plaza publikoek bere horretan jarraitzen duten bitartean. Argi dago, beraz, zein den Foru Aldundiaren politika: gure nagusien bizitzen azken urteak industria, negozioa bilakatu.
Non dago duela ez urte asko Aldundiak izan zuen ospea zituen zerbitzu sozialengatik? Aurrera jo beharrean ez al da Foru Aldundia atzera pausuak ematen ari? Argi dago baietz.