Autobus geltokietako iragarkiak aldatu dituztela ikusi dut gaur, Netflixeko azken estreinukoak kendu eta ikastetxe batekoak jarri dituzte. Autobusetan, egunkarietan, irratietan ere... iragarkiak. Pentsa, gure alaben eskola publikoko horma ere erabili dute hainbat ikastetxeren kartelak jartzeko... eta haur eskoletan eskuorriak banatzen ari dira. Denak ere, sekulako eslogan deigarriekin, denak ere itunpeko eskolak: Desberdintasunaren balioa edo Emaitza kontrastatuak edo Segurua eta atsegina… Eta nik neure buruari: Hezkuntza zer da gaur egun? Salgai dagoen produktua? Ez al zen ba eskubidea?
Nafarroako gobernuak ere atera du bere iragarkia matrikula-kanpainarako: Eskola publikoa zure lehen aukera lelopean. Eta EAEn, zer? Ba, iazko kartel berbera: Zatoz gurera dioena. Data aldatu besterik ez dute egin. Aurtengo kanpainarako ez dute ezer berririk ateratzeko beharra ikusi, ez dute lelorik pentsatu. Esanguratsua iruditzen zait, kariño falta, eta ardura falta ere bai. EAEko ikastetxe publikoek ez al dute ikusgarria den kanpainarik merezi?
Publikoaren zaintzan eta kudeaketan ardura nagusia dutenek eskola publikoa bigarren lerroan kokatu nahi dutela iruditzen zaigu askori. Aspaldi piztu zen alarma kontu honen inguruan. Baina sareen arteko ezberdintasunak gutxitu ezik, areagotuz doazela ematen du, hezkuntza politikak lagun. Eskerrak hezkuntza publikoaren komunitatea (irakasleak, familiak…) ez dagoela hori onartzeko prest, eta benetan ikustekoak dira haien borondatez argitara ateratzen ari diren bideoak, kartelak eta eskola ezberdinetan egiten dena. Euskal Eskola Publikoaz Harro egoteko arrazoi garrantzitsu bat da hori.
Eta haurra matrikulatzeko adinean duten familiek zer? Batzuk merkatuan zehar bueltaka ibiliko dira, ustezko produkturik onena erosi nahian. Beste asko egokitzen zaienera joko dute (hauek hausnarketarik ezin egin, beste lehentasunezko kezka asko baitituzte), eta egongo dira ikastetxe batzuk planteatu arren, ezingo dutenak, ordaindu beharreko hileko kuotengatik edota ematen duten derrigorrezko erlijio-irakaskuntzagatik. Beste batzuk eskola publikoaren aldeko apustua egingo dute, denona eta denontzat delako ustearekin, eta, kontziliazioak uzten dien heinean, haien eskola hobeagoa izan dadin lan egingo dute, guraso elkartetik eta parte-hartze bide ugariak erabiliz. Eskola Publikoaz Harro egoteko beste puntu bat hori baita: jendea, komunitatea, elkarlana. Guztiona dena elkarrekin zaintzeko apustua egiten duen jendea.
Hezkuntzaren funtzioa pertsonei jendarte honek dituen erronkei aurre egiteko tresnak ematea da, eta, desberdintasunak kontuan hartuta (sozialak, ekonomikoak, jatorrizkoak, kulturalak, linguistikoak…), inklusiboki guztiontzako kalitatezko hezkuntza duina bermatzea.
Zer balio ematen zaio helburu horri lehentasuna ikastetxe jakin bateko kide izatea denean ("desberdintasunaren balioa") edo "kontrastatu beharreko emaitzak" daudenean?
Ba horixe, ate irekiak.