2016ko azaroaren 14ko goizaldean, Rosa hil zen Reusen (Tarragona), piztutako kandelek eragindako sute baten ondorioz alokatuta zuen etxean. Bi hilabetez argindarrik gabe egon ostean, Rosa (81 urte) isilik hil zen.
Nahiz eta 2013tik Reuseko Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaile izan, Udalak adierazi zuen ez zekiela bere egoera larriki zaurgarria zenik. Hori izan zen Katalunian Pobrezia Energetikoaren aurkako Aliantza sortu zuen txinparta, Hipotekak Kaltetutakoen Plataformari (PAH) esker.
"Sua itzaltzeko urik ere ez zegoen, Udala arduratu baita han bizi diren familia guztiak urik gabe uzteaz"
Olarizun gure Rosa gasteiztarra izateko zorian egon gara; izan ere, zurezko mahai bat piztu zen igandean kandela baten eraginez. Iberdrolak argirik gabe utzitako eraikin hori argiztatzeko aukera bakarrenetakoa da. Sua itzaltzeko urik ere ez zegoen, Udala arduratu baita han bizi diren familia guztiak urik gabe uzteaz: ez dago urik, ezta lorategietan ere.
Suhiltzaileei esker, zorigaitza ez zen gehiagora joan. Hedabideetan berriro kriminalizatu dira hor bizi diren pertsonak. Gasteizen bada administrazio publikoen aldetik erantzun egokirik aurkitzen ez duen bizitegi-larrialdia; batez ere hiriko udalaren aldetik, baina ezta Arabako Foru Aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren aldetik ere.
Gizarte-zerbitzuen euskal sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroan aurreikusitako Udalaren eta diputazioaren baliabideak ez dira nahikoak. Udal-aterpetxea, Aterpea edo gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitzak urriak dira eta erabat beteta daude.
Etxebizitza eskuratzeko oztopo horien guztien ondorioz, ehun pertsona baino gehiago, adingabeak barne, behartuta egon dira Udalarenak diren etxebizitza hutsak okupatzera, Olarizun eta beste eremu batzuetan ere. Horietako asko kalean lo egunak pasatzetik zetozen.
"Erantzuna ezin da pasibotasuna izan, arazoa minimizatzea edo premia larrian dauden pertsonak edo kolektiboak kriminalizatzea"
Olarizutik jasotzen ditugun albisteak ez dira justuak errealitatearekin, baina hori salatzea besterik ezin dugu egin. Hala ere, administrazioen erantzuna ezin da pasibotasuna izan, arazoa minimizatzea edo premia larrian dauden pertsonak edo kolektiboak kriminalizatzea; azken hauek ahal duten bitartekoen bidez etxebizitza bat izateko duten eskubidea aldarrikatzen ari baitira.
Ziur batzuk pentsatzen dutela: "Gabonak dira, ez da garaia horrelako gauzekin arduratzeko". Orduan galde diezaiekegu zerk molestatzen dien gehien: kalean hotzez hil daitezela ala Rosak bezala isilean egin ez dezatela?
Iñigo Antepara eta Armando Valbuena Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimeneko kide dira. Erredakziora gaztelaniaz helarazitako jatorrizko iritzi artikuluaren itzulpena argitaratu du ALEAk.