Gure kideak diren pentsiodun eta jubilatutako emakumeek datorren larunbatean, azaroak 16, arratsaldeko 18:00etan Gasteizen mobilizatzeko egin duten deialdiaren aldeko jarrera eta atxikimendua publikoki adierazten ditu Gasteizko Mugimendu Feministak. Egiten duten pentsio publiko duinen aldarrikapenarekin bat gatoz.
"Soldatapekoak izan edo ez, beti arduratu behar izan gara zaintza eta bizitzaren sostengatze lanez, askotan dohainik eginda ere"
Emakumeok beti egin dugu lan. Soldatapekoak izan edo ez, beti arduratu behar izan gara zaintza eta bizitzaren sostengatze lanez, askotan dohainik eginda ere.
Lan hori ikusezin bihurtu da eta ez da aintzat hartu jendartean, sistema kapitalista eta heteropatriarkalak etekina atera diolarik, aldi berean emakumeak lanbide prekarioenak hartzera zigortuz.
Gure laneskua merkatuaren beharren eta aldaketa sozial eta ekonomikoen mesedetan soilik erabili izan da. Izan ere, emakumeok burutu ditugu lanaldi mugatuko, ezkutuko ekonomiaren baitako eta aldi baterako lan gehienak. Horrez gain, historian zehar berdintasunik eza larria pairatu dugu hezkuntzaren eta lanaren eskuragarritasunean eta, gizonek egindako lan berberetan ere, genero soldata-arrakala sufritu dugu.
Baina gaur pentsiodun eta jubilatutako emakumeek, batez beste, gizonenak baino %40 txikiagoak diren pentsioak dituztenek eta, alarguntza-pentsiodunek bereziki, bazterketa eta pobretasunean bizitzera behartutakoek nahikoa dela esan dute.
"Pentsiodun eta jubilatutako emakumeek, bazterketa eta pobretasunean bizitzera behartutakoek nahikoa dela esan dute"
Gu haiekin batera gaude aldarrikapen honetan, eta haiekin batera exijitzen dugu pentsio duinak izateko eskubidea, lan-bizitza eta bizitza soziala bateragarri egiteko eta erantzunkidetasun eraginkorra lortzeko politika feministak ezartzea, baita jendartearen babeserako sistema publikoan genero perspektiba txertatzea, emakumeon bereizkeria estrukturala orekatzeko irtenbideak ezar daitezen.
Azaroaren 16an haiekin egongo gara kalean, pentsiodun emakumeen borroka feminista ere badelako!