Gasteizko Mintzalagunean hartu, eman eta eragiteko izen ematea zabalik

Urriaren 3an irekiko da mintzapraktika egitasmoan izena emateko epea. Iaz, 650 lagunek baino gehiagok egitasmoan parte hartu zuten.

Gasteiztarren %35 gai da euskaraz aritzeko. Azken urteotan kale erabilera handitu da eta euskararen aldeko jarrera zabaltzen ari da pixkanaka. Arlo honetan dute eragina mintzapraktika egitasmoek.

Mintzalagunek euskararen ezagutzatik erabilerara egiten dute salto elkarri lagunduz, adiskide giroan, hizketan. Gertuko solasaldietan aktibatzen dute euskararen aldeko jarrera.

Gasteizko Mintzalagunean euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dira, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Astean ordu lagun taldean elkartu eta euskaraz aritzeko proposamena da mintzalaguna.

Bospasei laguneko taldeak izaten dira mintzalagunak: batzuk euskaraz gehiago hitz egin nahi dute, horregatik ematen dute izena. Edo ikasitakoa ez galtzeko; hobetzeko batzuk beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako lotsa galtzen dute eta konturatzerako euskaraz aritzen dira berbetan. Besteek, berriz, inguruko euskaldunei euskaraz bizitzen lagunduz euskarari ekarpena egiten diote.  Egin berri den inkesta baten arabera, mintzalaguntzaileen %81ak euskararen normalizazioan modu aktiboan laguntzeko asmoz hartzen du parte Mintzapraktika programetan.

Mintzalagun izateko euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea, bi baldintza horiek, bete behar dira. Izena emateko informazioa www.gasteizkomintzalaguna.eus atarian dago eskura. Era berean, 688819118 telefonoan whatsapp zerbitzuaren bitartez informazio eman edota zalantzak argitzeko aukera dago.

Mintzalagun Taberna

Mintzalagunentzat erreferente izan daitezkeen taberna euskaldunak  bildu dira Mintzalagun Taberna egitasmoaren barruan. Iaz 16 tabernek osatu zuten Gasteizko sarea. Finean, helburua mintzalagunek euskara praktikatzeko leku atsegin eta euskalduna topatzea da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago