Gasteizko Mintzalagunean ikasturte berria abian da. Zabaldu da izena emateko epea eta Gasteizko euskaltzale guztiei egin nahi diegu proposamena: astean ordu betez beste pertsona batzuekin elkartu eta euskaraz aritzeko agendan tartetxo bat egitea.
Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko.
Mintzalagun bihurtzeko arrazoiak asko izan daitezke: ahaztutako hizkuntza freskatzeko, jende berria ezagutzeko, beste batzuei hori guztia egiten laguntzeko… Baina denek dute zerbait amankomunean: aisialdiaz euskaraz gozatzeko eta, arian-arian, lagun giro euskalduna sortzeko asmoa. Urteetako esperientziak erakutsi du askok egunerokotasunean euskaraz bizitzeko saltoa eman dutela, bidelagun izan dituzten mintzalagunei esker.
Bospasei laguneko taldeak izaten dira mintzalagunak: batzuk beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako lotsa galtzen dute eta konturatzerako euskaraz aritzen dira berbetan. Besteek, berriz, inguruko euskaldunei euskaraz bizitzen lagunduz euskarari ekarpena egiten diote.
Parte hartzeko baldintza bakarrak dira euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea. Izena emateko informazioa www.gasteizkomintzalaguna.eus atarian dago eskura.
Mintzalagun Taberna
Mintzalagunentzat erreferente izan daitezkeen taberna euskaldunak bildu dira ‘Mintzalagun Taberna’ egitasmoaren barruan. Finean, helburua mintzalagunek euskara praktikatzeko leku atsegin eta euskalduna topatzea da.