Tabernan, pintxo-potea eta iritzia merke. "Hainbeste laguntza jasotzen badute, nola ez dute etxerik aurkitzen?". Barrako adituak hitz egin du. Ez daki zenbat diru jasotzen duen familiak. Ez daki zenbat etxe bilatu dituen. Ez daki zenbat ate itxi dizkioten. Baina badaki zer gertatzen den. Beti daki. "Guk ere ordaintzen ditugu zergak, eta ez digu inork etxe bat oparitu". Horra hor, eztabaida amaitzeko giltza unibertsala.
Santsomendiko etxegabetzeak erakutsi du zenbateraino dagoen errotuta arrazakeria gurean. Ez soilik sare sozialetako iruzkinetan. Ez soilik eskuin muturraren diskurtsoetan. Eguneroko elkarrizketetan ere bai. Kafean, pintxo-potean, lankideen bazkarian, lagunarteko solasaldian. Irribarre batekin, gainera. Arrazakeriak ere badaki adeitsu izaten. Ezjakintasuna oso ausarta da, badakizue.
Gasteizen familia bat etxegabetu dute. Sei adingabe ditu. Ez daki non biziko den. Baina eztabaida ez da etxerik gabe geratzeari buruzkoa. Diru laguntzei buruzkoa da. Aitaren lanari buruzkoa. Familiaren jatorriari buruzkoa. Susmoak, galderaz mozorrotuta. Aurreiritziak, iritzi pertsonalaren izenean.
Alokairuen prezioak, diskriminazioa, merkatuaren arauak eta administrazioaren erantzukizuna deserosoak dira. Askoz errazagoa da bizilagunari errua botatzea. Are errazagoa, bizilaguna arrazializatua denean. "Ni ez naiz arrazista, baina moro hauek laguntza asko jasotzen dituzte".
Tabernako tertuliakideen garaia da. Kalimotxoa esku batean, arazoaren konponbidearen giltzak bestean. Etxebizitzaz, migrazioaz eta gizarte laguntzez dena daki, nahiz eta inoiz ez duen gai horietako bakar bat ere sakon aztertu. Datuak soberan ditu, nahiz eta daturik ez izan. Irtenbideak ere bai, noski, baina beti besteen bizkar. Horixe da kuñadismoaren magia: ez dakienari buruz ere segurtasun handiz hitz egitea, eta aurreiritzia sen on gisa saltzea. Eta, bide batez, injustizia bat gertatzen denean, erruduna aurkitzea; ahal dela, bera baino pobreagoa eta azal ilunagoa duen norbait.
Tertuliakideak ez du hutsik egingo hurrengo pintxo-potean ere: "Ni ez naiz ez ezkerreko ez eskuineko, apolitikoa naiz".
Edurne Begiristain.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.