Baserri kristalezkoak (Rafa Rueda, Urduñan kantari)

Erabiltzailearen aurpegia Baserriko Uzta 2018ko mai. 16a, 19:03
Baserriko Uzta ekimena bueltan dator. Udaberriko hitzordua Urduñan burutuko da, Bizkaian. Santa Klara baserrian bertako eguneroko jarduna ezagutu, oparo bazkaldu eta Rafa Rueda zuzenean entzuteko parada izango da maiatzaren 19an. Izen ematea: baserrikouzta@gmail.com.

Urtaro bakoitzeko zuzeneko bat, herrialde ezberdinetako baserri banatan. Horixe da EHKOlektiboak eta Paperezko Kontzertuak, ZUZEU orainkariarekin batera antolatutako ekimen erakargarria. Udazkenekoa izan zen jasotzen lehen uzta, oparoa oso, Antzuolako Pikunietan eta Anariren parte hartzearekin, Gipuzkoan. Eta elurteak eragotzi zuen negukoa jazo ahal izatea, Beltxaren Bikoteak gozotu behar zuena Etxarri Larraungo Arbegain baserrian, Nafarroan.

Etxaldeetako ateak parez-pare irekiz laborantza ekologikoa eta euskal musika bezalako bi bazterreko diziplina ezagutzera eman nahi dituen ekimena da Baserriko Uzta. Beraz, EHKOlektiboko kideen etxaldeetan gauzatuko den hitzordua ez da baserrietan kontzertuak eskaintzera mugatuko, ez. Goizean baserritarren eguneroko jarduna ezagutu eta ukuilu, ezkaratz edo pentzeren batean kontzertuaz gozatzeaz gain, bertakoek ekoiztutako jakiekin bazkaria egingo da bertaratutako guztien artean.

.

Musika eta laborantza

Urduñako Santa Klara baserrian, barazki eta abereak ere badituzten arren, frutagintza dute jardun nagusia; bertan egiten dituzte Tologorri markako marmelada eta abarrak (konpotak, zukuak…); arakatzak, andere-mahatsak, masustak, magurdiak, arabarbak, sagarrak, okaranak, irasagarrak, madariak, gereziak, pikuak, kakiak, urrak, intxaurrak…

Ekoizten dituzten jakiak zuzenean saltzen dituzte inguruko merkatu, kontsumo talde eta denda txikietan, izan sasoiko fruta, arestian aipatutako marmelada, barazki kontserba edo haragi paketeak (etxeko belardiekin soilik elikatzen dituzten sei bat animali gizentzen dituzte urtero).

Nekazaritza ekologikoa eta musika uztartzen dituen zikloak, udaberriko txandan, Rafa Ruedaren soinuak daramatza Santa Klara baserrira (Urduñara). Musikari mungiarrak “Hiri kristalezkoak” plazaratu zuen joan den urte bukaeran, hamabost urte bete dituen bakarkako ibilbidean ondu duen 5. lana. Eta berau aurkezten dihardu zuzenean, eskarmentu handiko musikarien laguntzarekin. Kristalezko hiria landa giroan, honakoan.

Udaberriaren ondotik, laugarren hitzordu batek itxiko du Baserriko Uztaren lehen zikloa. Udako uzta Arbonan jasoko da, Lapurdin (uztailaren 28an), sendabelarrak ekoizten dituen J. Zaldunbideren baserrian; Mikel Urdangarin gonbidatua dela. Kantu-egile zornotzarrak “Margolaria” azken lana joko du zuzenean.

Saio bakoitzak (etxaldeko bisita, kontzertua eta bazkaria barne) 20 euroko salneurria du, 12 gaztetxoek; eta tokiak mugatuak dira.
Eman izena agudo baserrikouzta@gmail.com helbidean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide