Brioche hanburgesa onenaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Artepan 2024ko urr. 22a, 17:17

Brioche ogi berriarekin prestatu beharko dira hanburgesak. Argazkia: Artepan.

Parte hartzen dutenen artean, zortzi errezeta aukeratu ditu Artepanek, eta azaroaren 28an zuzenean prestatu beharko dituzte.

Azaroaren 3ra bitartean, hanburgesa onenen bila izango da Artepan. Brioche Burger izeneko txapelketa herrikoia antolatu du, arabarren arteko onenak topatzeko asmoarekin; sukaldari profesionala ez izatea, eta okindegiko brioche ogi berriarekin prestatzea izango dira baldintza bakarrak.

Parte hartu nahi dutenek beren hanburgesaren errezeta bidali beharko dute briocheburger@artepan.com emailera, argazki batekin, azaroaren 3a baino lehen. Eta horien artean aukeratuko ditu Artepanek finalean lehiatuko direnak; zortzi izango dira aukeratuko dituzten errezetak, eta azaroaren 28an aurrez aurre lehiatuko dira, 17:00etan, Azoka Plazan.

Zuzenean prestatu beharko dute epaimahaiaren aurrean aurkeztutako errezeta. Antolakuntzak brioche burger ogia bakarrik emango du. Hori dela eta, parte hartzaileek osagaiak eta, beharrezkotzat joz gero, prestatzeko erabilitako tresnak eraman beharko dituzte. Saltsak eta aurrez prestatutako elaborazioak ere eraman ahal izango dira, baina azken lana zuzenean egin beharko dute. Errezeta prestatzeko 30 minutu izango dute finalistek; bakoitzak hiru hanburgesa prestatu beharko ditu: epaimahaiarentzako bi hanburgesa, eta azken argazkirako beste bat.

Hanburgesa onenari saria emango zaio eta aipamen berezia egingo zaio haragizkoa ez den hanburgesa onenari ere. Hiru haragi hanburgesa onenek Artepan produktu-sorta bat eta laguntzaileen beste dohaintza batzuk jasoko dituzte. Horra hor, argibide guztiak: Brioche Burger Txapelketa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago