Gorpuaren azterketa mediku eta forentseak; Calvo gorpu agertu aurretik artatu zuen erizainari elkarrizketa; eta gertatua "argitu gabe" geratu zela dioen lekuko zuzen bakarraren adierazpena, besteak beste. Nola eta zergatik hil zuten Juan Calvo Ertzaintzaren Gasteizko komisarian? 1995ean epaiketa amaitzean, galdera horiek erantzunik gabe geratu ziren. ARGIAk publiko egiten dituen informazioek galdera berriak sortzen dituzte, eta orduko ziurtasun bakarra indartzen: egia ofizialak ez du azaltzen gertatu zena.
Has gaitezen bere garaian jakin zena laburbiltzen.
Lehenik eta behin, honela laburbildu zuen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Calvoren heriotza prentsa ohar baten bidez, abuztuaren 20ko arratsaldean. "Gaur goizaldean, ostirala, atzo arratsaldean Langraitzen (Araba) atxilotua izan zen pertsona hil da, Bilbon taxi bat lapurtu eta pertsekuzio ikusgarria burutu ostean. Atxilotuak, hiru aldiz ospitaleratuta egon zena hainbat psikiatrikotan, konortea galdu zuen nerbio-krisi bortitz bat izan eta lagundu nahi zioten ertzainei eraso egin ostean". Oharrak azalpen gehiago ematen zituen jarraian. Calvo 18:30ak aldera atxilotu zuten, "itxuraz nerbio-krisi egoera batean erresistentzia" jarri ostean. Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten "besoan" zuen "ubeldura" artatzeko eta komisariara eraman zuten atxilo. Han Calvoren portaera "normala" izan zen, harik eta 4:00ak aldera bere burua kolpatzen hasi zen arte "ziegako hormen aurka". Ertzainak sartu ziren ziegara orduan, Calvok eraso egin zien, eta poliziek menderatzea lortu zutenean, konortea galdu zuen. Anbulantziak ospitalera eraman zuen Calvo, eta bertan baieztatu zuten heriotza.
Egin egunkariak, ordea, informazio gehigarria argitaratu zuen, "Santiago Ospitaleko iturri seguruek" emana: Calvoren gorpuak ubeldura handiak zituen gorputz osoan, eskumuturretan, baita biriketako edema akutua ere, eta anbulantzian eraman zuten medikuek maskarak jarri behar izan zituzten hildakoak botatzen zuen gasaren ondorioz. Aurrerago argitaratu zuen, Segurtasun Sailak zioenaren aurka, Calvok orduak eman zituela lotuta eta immobilizatuta hil aurretik, eskumuturrean zituen arrasto sakonek adierazten zutenez.
Amnistiaren Aldeko Batzordeek, Elkarri mugimenduak edo Herri Batasunak torturei egotzi zieten heriotza. Segurtasun Sailaren azalpen eza kritikatu zuten Eusko Alkartasunak edo Euskadiko Ezkerrak.
(...)
Albiste hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.
Erreportajearen artikulu osagarriak
- 30 urtez ezkutatutakoa, argitara: torturaren frogak. 1993ko abuztuaren 20an, goizaldeko 5:00ak aldera, Santiago Ospitaleko larrialdietako osasun langileen talde bat Juan Calvo biziberritzen saiatu zen, alferrik: Arkautiko komisariatik hilotz irten zen bilbotarra. Medikuetako batek egindakoa aurpegiratu zien haserre poliziei, suminduta. Etxera heltzean, gogoratzen zuen guztia jaso zuen bi orriko idatzi batean, gertatua ahaztu ez zedin. Gero, ondorioen beldur, ezkutuan gorde zuen. ARGIAren eskuetan jarri du orain.
- Patxi Bezares, Juan Calvo artatu zuen Santiago ospitaleko langilea: "Gorpu hura masakratuta zegoen". 1993ko abuztuaren 19ko arratsaldean, Ertzaintzak Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuen Juan Calvo, atxilotze unean eginiko zauriak artatzeko. Patxi Bezares Diaz de Tejada erizain laguntzaileak (egun zeladorea da) sendatu zizkion zauri arinak. Bera izan zen Calvo bizirik ikusi zuen azken pertsonetako bat. Hurrengo egunean lanera bueltatzean lankideek kontatu zioten Calvo goizaldean eraman zuela berriz Ertzaintzak, hila eta biolentzia arrasto nabarmenekin gorputz osoan. Gorputegira joan zen eta han ikusi zuenak inpaktu handia sortu zion, Calvori alferrikako biziberritze ariketak egin zizkioten medikuei sortu bezala. 30 urte eta gero, estreinakoz kontatu du egun hartan eta hurrengo hilabeteetan berak eta Calvorekin kontaktua izan zuten beste osasun profesional batzuek ikusi eta pairatu zituztenak. Tartean, Poliziaren jazarpena.