Asteazkenean, bi astetan laugarren aldiz, Mercedeseko greba orokorrak produkzio katea gelditu zuen. Enpresa batzordean %45eko ordezkaritza duten ELA, LAB eta ESKk deituta, langileen %95ak egin zuen greba. Ostegun eta ostiralean ere greba dago deituta, eta ostegun goizean bilera berria dute sindikatuek eta zuzendaritzak. Ezin jakin oraindik zertan amaituko den lan hitzarmen berriaren negoziazioa, baina nabaria da bi asteotan indar harremana langileen alde eraldatu dela. Gatazkaren egoeraz eta langileen borrokaz hitz egin dugu enpresa batzordeko eta LABeko kide Mikel Díaz de Aldarekin. Enpresaren sarreratik erantzun ditu gure galderak, asteazken gaueko piketean dagoela.
"Borrokan jarraitzeko indarrez sentitzen dira langileak"
Asteazkeneko greba ia erabatekoa izan da laugarrenez, nahiz eta %55eko ordezkaritza duten sindikatuek (UGT, CCOO, Ekintza, PIM) aurreko egunean deialdia bertan behera utzi. Nola azaltzen da arrakasta?
Argi geratu da langileak ez daudela ados enpresak eskaintzen duenarekin. Enpresak asteartean proposamen berria egin zuen: UGT eta CCOOk baloratu zuten aurrerapausoak daudela; ELAk, LABek eta ESK-k ez dugu ikusten inongo aurrerabiderik; eta langileek ere ez. Langileek ikusi dute kalean jarraitzea garrantzitsua dela enpresaren jarrera ez delako ona, horregatik mantendu ditugu aste honetako hiru greba egunak. Langileak indartsu daude, eta aldarrikapenak lortzeko gogotsu.
Une konplikatu batean heldu dira aste honetako grebak. Asteartean patronalak proposamen berria egin zuen. Zer eskaini du zuzendaritzak?
Ez du ia-ia ezer aldatu. 2022rako %5eko soldata igoera eskaintzen du, 2021 urtean zero, ordainsari bat soilik. Aurrerapen txiki bakarra ordezkapen kontratuetan dago, fase aktiboa hilabete eta erdi murrizten duelako. Ez da nahikoa, inondik inora.
Zuek kontra azaldu zarete argiro, zein da UGT, CCOO, Ekintza, eta PIMen jarrera?
Astearteko bileraren ostean esan zuten denbora behar zutela enpresaren proposamena aztertzeko, pentsatzen dugu beste proposamen bat eramango dutela gaurko (osteguna) bilerara, baina guri ez digute ezer esan. Halere, ikusita beren afiliatuak ere irten direla grebara, bai sindikatu horiek bai enpresak mugimenduren bat egitera behartuta daude.
(...)
Zigor Olabarria Oleaga kazetariaren elkarrizketa hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.