Zigor Olabarria eta Santi Cobos

"Preso sozial eta politikoen arteko zubiei balioa ematen die Santi Cobosek"

Erabiltzailearen aurpegia Jon Torner Zabala 2021ko aza. 25a, 17:44

Zigor Olabarria Oleaga, liburuaren egilea eta ARGIAko kazetaria. / Argazkia: DANI BLANCO

Santi Cobos Fernandezek 25 urte eman ditu preso, eta bere bizipenak Txori urdinak liburuan jaso ditu ARGIAko kazetari Zigor Olabarriak. Larunbat honetan aurkeztuko dute, 12:00etan Hala Bediren lokalean. Olabarriari eta Cobos berari elkarrizketa egin die ARGIAk.

Santi Cobos Fernandezek (Leon, Gaztela, 1968) 25 urte eman ditu preso, bere bizitzaren erdia. Erreformatorioa, adingabeentzako espetxea, adin nagusientzakoa. Urterik gehienak FIES preso bezala sailkatuta, muturreko isolamendu eta tratu txar baldintzetan. Bere bizipenak Txori urdinak liburuan jaso ditu ARGIAko kazetari Zigor Olabarriak, espetxe sistema eta zigorraren kultura jo-puntuan dituen kontakizuna osatzeko.

Hainbat alditan saiatu da ihes egiten Cobos: atetik, murrutik, teilatutik, epaitegitik, espetxezainak edo poliziak bahituta. Bidean adiskidetasun handia egin du euskal preso politikoekin, irakurlea jabetuko denez. 2011n baldintzapeko askatasunean irten zen, baina 2021eko ekainean espetxeratu zuten berriro, taberna baten kanpoaldean izandako ezusteko liskar baten ondorioz. Espetxeko bizipenak lehen pertsonan kontatu ditu ARGIAk plazaratutako liburuan.

Santi Cobosen bizipenetatik abiatuta, espetxe sistemaren erretratu gordina egiten du liburuak.

Hain justu, Santi Cobosek kartzelan bizi izandakoak oinarri hartuta, espetxe sistemaren inguruko hausnarketak biltzea zen nire asmoa, beharrezkoa ikusten baitut gaiaren bueltan gehiago sakontzea. Salhaketa elkartean eta euskal preso politikoen aldeko elkarteetan aritu naiz lanean, gaiaren inguruan badut nolabaiteko sentsibilitatea. Beti sentitu izan dut preso sozialen eta politikoen arteko zubiak edo harremanak behar baino txikiagoak zirela, edo ez direla azaleratu. Zubi horiez ere hitz egin du Cobosek liburuan.

Preso sozial eta politikoak aipatu dituzu. Gurean, ziurrenik, ezagunagoak dira bigarren horien bizipen eta aldarrikapenak.

Hala da. Euskal Herrian espetxea oso presente dago, baina gehienetan ari gara preso politikoak barnebiltzen dituenaz, “gure espetxea” dei dakiokeen horri buruz. Preso "arrunten" eta "sozialen" errealitatea ez da hain ezaguna. "Preso sozial" terminoa 1980ko hamarkadan sortu zuen Espainiako Estatuko COPEL presoen kolektiboak, "preso arrunt" termino despolitizatua gainditzeko. "Preso sozialak gara, gu kartzelan egoteak jatorri soziala du", zioten. Zentzu politikoa eman zioten preso egoteari. Denbora pasa da ordutik, baina oraindik ere badago nolabaiteko sentsibilitate falta espetxean dagoen jendearekiko, egin duen delitua eginda ere. Espetxea da pertsonak txikitzeko zentro bat.

Liburuaren hasieran, hain justu, bere jatorriaz mintzo da Cobos.

Parte horrek laguntzen du, batetik, Santi nor den ikusarazten. Bestetik, badira beste preso sozial batzuen bizipenak jaso dituzten liburuak, Xose Tarrio galiziarraren Huye, hombre, huye eta Angel Patxi Zamoro katalanaren A ambos lados del muro esaterako, horiek ere FIESak izandakoak, ihesaldiak eta mutinak egindakoak, funtzionario eta epaileak bahitu dituztenak eta kartzelaldi oso gogorrak bizitakoak; adierazgarria da guztiak direla gizarte klase apalekoak. Espetxe sistema ulertzeko, hori kontatzea funtsezkoa zen.

(...)

Albiste hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea osorik irakurri nahi baduzu, hemen duzu ikusgai: solasaldi osoa eta Zigor Olabarriak Santi Cobosi egindako elkarrizketa.

Liburuaren aurkezpena

Txori urdinak: espetxearen erretratu bat Santi Cobos presoaren ahotik liburuaren aurkezpena larunbat honetan, azaroaren 27an, 12:00etan Hala Bediren lokalean —Bueno Monreal kalea, 16— egingo dute Zigor Olabarria liburuaren egileak, Silvia Cobos Santiren arrebak eta Mitxel Sarasketa preso ohi eta Ataramiñeko kideak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago