Eva Blanco (EA)

"Kongresuan galtzen badute, berriro esango dute iruzurra egin dela"

Erabiltzailearen aurpegia ARGIA / Xabier Letona Biteri 2021ko urr. 14a, 09:00

Eva Blanco, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia. / Argazkia: DOSPORDOS

Eva Blanco (Amurrio, 1973) 2019an izendatu zuten EAko idazkari nagusi, Pello Urizarrek dimititu ondoren. Barne giro liskartsuan eraman behar izan du aurrera bere agintaldia. Baina arazoak atzeragotik datoz, gutxienez 2017ko kongresutik.

Familia barruko gatazkak dira mingarrienak eta EAn mina uki egin daiteke sektore batera edo bestera gerturatuta. Labankada artean hurbildu gara Eusko Legebiltzarrera –EH Bilduko legebiltzarkidea ere bada–, alderdiaren barruko bere ikuspegia ezagutu nahian.

2021ean egin behar zen EAren kongresua. Uztailean sei hilabeteko epea beharko zela aipatu zenuen. Azkenean, 2022ko otsailean egingo da?

Datorren otsailaren azken astean edo martxoaren lehenean egingo da, eta ez nik esaten dudalako, Batzar Nazionalak hala adostu duelako baizik. Orain arte pandemiagatik atzeratu da, prozesuaren barruan gaude eta orain ponentziak landu behar dira. Garrantzitsuena da erabakitzea zein norabide politiko hartuko dugun, eta hori afiliatu guztien artean erabakiko dugu. Alderdiko zuzendaritza ere hautatuko dugu. Gure estatutuek agintzen duten bezala, oso prozesu parte-hartzailea eta gardena izango da. Hortik ez gara mugituko.

Sektore kritikoak eskatu dizue kongresua elkarrekin prestatzeko mahai  bat, kongresuaren joko arauak adosteko, bestela ez direlako fio zuekin.

Hainbat gauza batera eskatzen dituzte, besteak beste, azken epaiari [2021eko uztailekoa] zuzendaritzak helegiterik ez jartzea eta kongresuaren joko arauak adostea. Azken honek ez du ez hanka ez buru, joko arauak gure araudian daudelako. Helegiteari buruz dena da oso bitxia: haiek sartu zioten lehen salaketa alderdiari eta galdu zuten; gero helegitea jarri zuten, epe guztiak agortuz prozesua luzatzeko eta ondoren, haiei interesatzen zaienean, eskatzen digute helegiterik ez aurkezteko.

Edozein kasutan epai horretan, haiek zartako handia jaso dute, epaiak esaten duelako, afiliatuen datu-basearen sarbidea erabili nahi zutela Maiorgaren alde jokatzeko. Epaiak, bai lehenengo instantzian bai bigarrenean, esaten du berme batzordeko kide batzuek zuzenbidearen aurka aritu zirela, eta suposatzen da, organo horrek zuzenbidea zaintzeko jokatu beharko lukeela.

Espedienteak bertan behera uzteko eskatzen dute, baina ez dira gureak, afiliatu batzuek jarritakoak dira eta zuzendaritzak ez du horiek bertan behera uzteko eskumenik. Horrez gain, zuzendaritzako kide diren Iker Ruiz de Egino eta Mariano Alavaren aurka salaketak jarri zituzten zigor bidetik, baina horiei buruz ez dute ezer esaten. Hori oso larria da.

Eta, azkenik, proposamen hori hedabideetan egiten dute, baina adostasuna nahi denean diskrezioa eta isiltasuna erabiltzen dira lan egiteko. Horrela ez dute sinesgarritasunik. Haiek behartuta, nik ere hedabideen bidez erantzun nien. Egunero-egunero jarraitzen dute prentsan, erasoan oso era bortitzean, eta batez ere nire aurka.

[...]

Albiste hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko elkarrizketa hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago