Thais, asteartean etxegabetu zituzten Olarizuko etxe okupatuetako azken bizilagunak, gehienak aurretik alde eginda zeundeten jada. Non ari zarete bizitzen orain? Nora jo du jendeak?
Thasi Madrid (T.M): Gehienak hirian zehar sakabanatu gara etxebizitza ezberdinak okupatuz. Beste batzuk Harrera Sozialerako Udal Zentroan (HSUZ) daude, badira abandonatutako lantegi batera joan direnak ere, eta pare bat familia Errekaleorren bizi dira orain. Hiruzpalau pertsona tutoretzapeko pisuetan bizi dira, baina salbuespen kasuak dira.
Ehun baino gehiago izatera iritzi zarete Olarizuko bizilagunak. Zer pertsona mota zeundeten, eta zeintzuk izan ziren okupatzeko arrazoiak?
T.M: Adin tartea 2 eta 65 urte artekoa zen, eta jatorriari dagokionez aniztasun handia zegoen: Nigeriatik edo Kolonbiatik etorritakoak, bertan jaiotakoak, horien artean familia ijito zenbait... Beste aukerarik ez genuelako okupatu behar izan genuen, existitzen ziren baliabideak beteta zeuden eta gizarte zerbitzuek ez ziguten inolako irtenbiderik eskaintzen.
Presio handia jasan duzue azken urteotan Udalaren aldetik. Alkatearen adierazpenak, Udaltzaingoa, ura eta argia moztu zizueten... Nola bizi izan duzue presio hori?
T.M: Larritasun handiarekin eta egoera ulertzeko ezintasunarekin. Bortxaz tratatu gaituzte laguntza eskaini beharko zigutenek, presionatu gaituzte eta kaiola batean itxi gaituzte. Egoera zehatzak azalduz ulertu daiteke hobeto zer nolako erasoak jasan ditugun Udalaren partetik. Adibidez, jada argirik ez genuenean, atarietatik guk jarritako argi-sorgailuak lapurtu zizkiguten udaltzainek behin. Beste eraso larri bat urarena izan zen. Lehenengo ura moztu ziguten, gero bizilagunok 1.000 litroko hiru bidoi handi lortu genituen urez hornitzeko eta plazan jarri genituen. Jon Armentia bera, Gizarte Politiken Departamenduko zinegotzia, udaltzainekin etorri zen bidoiak hartzera, eta ez zutenez lortu gure mutur aurrean hustu zituzten 3.000 litroak. Une horretan eskuetan genituen botilak betetzen ere ez ziguten utzi. Garai hartan auzoan ume asko bizi ziren.
Albiste hau ARGIAk argitaratu du, eta Creative Commons by-sa lizentziari esker horren zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.