Orduko ametsak ameskeria bihurtzekotan egon ziren COVID-19aren ondorioz, baina musikan gorpuztu dira azkenik. Kefren De Agaphilek eta Joana Otxoa de Alaiza Graziak azaldu dute zer den eta zertan den Tximurka proiektua.
Migratzaileek gurean bizi dituzten bidegabekerien eta sufrimenduen aurrean zerbait egin nahi zutela azaldu dio Joana Otxoa de Alaiza piano irakasleak ARGIAri, musikatik eta ikuspegi kritiko batekin: "Geroz eta zailagoa da instrumentu bat ikastea dirurik gabe, musika geroz eta elitistagoa da. Nahi duen ororen eskura jarri nahi dugu, baztertuta daudenei tokia eskainiz, baita beren burua garatzeko aukera ere". Proiektuaren hartzaileak migratzaile pobretuak izatea zuten buruan hasieran, baina bidean fokua zabaldu dute: "Oro har musikaren ikaskuntzarekin kontaktua izateko beste aukerarik ez duen edonorentzat da Tximurka. Ikasketa ordaindu ezin duenarentzat".
Hierarkiak eta norabide bakarreko praktikak ekidin nahi dituzte. "Musika eskola bat non irakasleak ez duen garrantzi handiagoa: irakasten dago momentu batean, eta beste pertsona bat jasotzen, baina beste une batean alderantziz izango da. Ez duzu zertan irakasle izan proiektuan parte hartzeko, ezta musika irakasteko ere. Musikaren profesionalak ez diren irakasleak batu zaizkigu jada".
Erreportaje hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen dituzu ikusgai.