Lauaxetaren mendeurrena: "Goiz eder onetan erail bear nabe..."

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko eka. 25a, 12:51

Esteban Urkiaga 'Lauaxeta'

Gaurko egunez, 1937an, Esteban Urkiaga Basaraz 'Lauaxeta' idazlea fusilatu zuten frankistek Gasteizen. Hona hemen, bere jaiotzaren mendeurrenean Miel A. Elustondok idatzitako erreportajea.

Hiru eskale eta lau mutil izan ziren Laukizko Urkiaga Basaras familian. Hirugarrena Esteban, laugarrena Felisa. Berau da zazpi senideetan bizirik den bakarra, 96 urte dituela. Adin handia gorabehera, ikurrina jasotzen ipini zuten herritarrek aurtengo Aberri Egunez, eta boto ematen ere jardun zuen azken hauteskundeetan: "Baten faltarik egon ez dadin!".

Herriko taberna


Lauaxetaren ibilia Mungiari loturik dagoen arren, Laukizen jaio zen poeta eta Laukizen jaio haren arreba Felisa ere. "Herriko taberna eduki genuen guk Laukizen. Hantxe jaio ginen. Baina aitak esan zuen han ez zegoela bizimodurik eta Mungiara joan behar genuela. Etorri ginen Mungiara eta hementxe bizi ginen". 1909an izan zen.

Etxea seinalea da oraindik garai bateko Urkiaga-Basarastarrena Mungian: Gatikatik datorren bidean, sasoi bateko etxea dotore ageri da gaur egun. Eraikin askorik ez inguruan orduan, babesik ez, lau haizeetara zabalik. Hortik sortu zuen ezizena poetak: Lauaxeta. Egun, kafetegia eta hotela da etxe hura eta Lauaxetaren eskultura du ondoko plazatxoan.

Esteban Urkiagak lau urte zituela joan zen familia Laukiztik. "Mungiara etorri eta fraideen eskolara joan zen gure neba, Ventades eskolara. Gero, aitaren anaia bat eduki genuen Lekeition, don Frantzisko, eta hark esan zion gure aitari Esteban fraide joateko". Etxean, ikasiko zuen bakarra izan zuten idazlea. Josulagunetan ikasi zuen Durangon, Loiolan... harik eta bide horri utzi eta Mungiara itzuli arte. Liburuetarako joera ekarri zuen erbestetik. Klasikoak landu zituen eta, horrekin batera, jakingura piztu zitzaion. Baita kontzientzia ere: "Txikitan euzkeraz itz egina nozu, baina gero aztu jatan", Mungiako kalearen ajea, inondik ere.

Erreportaje hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Miel Anjel Elustondoren jatorrizko erreportajea hemen duzu ikusgai.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago