"Buruko gaixotasunak dituzten pertsonak elkartasunez eta enpatiaz erantzuten ari dira"

Erabiltzailearen aurpegia Zigor Oleaga 2020ko api. 12a, 10:06

Aitor Korres Abaitua eta Ainara San Bizente Zumalde, erresidentziaren leihoetan. / Aitor Korres.

Gaixo mental larrientzako Hogar Alavés erresidentziaren arduraduna eta gizarte langilea dira Ainara San Bizente Zumalde eta Aitor Korres Abaitua, hurrenez hurren. Osasun krisiarekin, zailtasun asko adierazi dituzte, baina baita lorpenak eta bizipen ederrak ere.

Hogar Alavés elkartea 1956 urtean sortu zen, Gasteizko behar sozialei eremu hezitzailetik erantzun nahian. Erresidentzia 1998an ireki zuen elkarteak, eta osasun mentaleko arazo larriak dituzten pertsonei zuzenduta dago. 24 pertsona bizi dira bertan, 24 eta 52 urte artekoak, eta sei lagun gehiago ondoko bi etxebizitzatan. Haiekin batera 14 pertsonako lantalde profesionala ari da lanean. Erresidentziako erabiltzaileak gaixotasunen sintomei aurre egiteko erremintak garatzen dituzte, etorkizuneko autonomia eta emantzipazioa helburu. Elkarteak beste egoitza bat dauka Gasteizen bertan, baina 50-70 urteko pertsonei zuzendua, San Ignazio izenekoa. 26 pertsona bizi dira bertan.

Nola egiten zenuten lan koronabirusaren krisia piztu aurretik?

Batetik, jarduerak antolatzen dira egoitzan, aisialdi jarduerak edo ariketa fisiko zein kognitiboak kasu. Bestetik, erabiltzaileak etxeko dinamikan parte-hartzaile aktiboak dira: jantokiaren prestaketan, zaborraren eta birziklapenaren kudeaketan, gure baratze txikian... Azkenik, egoitzatik kanpoko jarduerak daude, komunitatearen parte izateko eta sentitzeko ezinbestekoak: auzoan antolatzen diren hainbat ekintzatan parte hartzen dugu, Hala Bedi Irrati librean El puente de Mostar izeneko saioa ematen dugu igandero, formazio ikastaroak egiten dituzte, txangoak…

Enplegurako bidea erraztea ere bada helburua, eta orain 15 urte, ‘Oinarri’ tailer okupazionala sortu zuen elkarteak. Lan mundura salto egiteko beharrezko dituzten gaitasunak lantzea eta pertsona ahalduntzea da ideia. Egun 40 bat pertsona daude bertan lanean. Serigrafia tailer bat ere jarri dugu martxan berriki.

Eta une honetan zein da egoera? Nola egokitu zarete alarma eta konfinamendu egoerara?

Konfinamendu egoerak egoitzaren egunerokotasuna astindu du. Poliki-poliki joan gara egokitzen. Garbitasuna indartu dugu, gure arteko distantziak ezarri, egoitzako gune ezberdinetan egon daitezkeen espazio bakoitzeko pertsona kopurua mugatu, jantokian txandak banatu, aktibitateak birpentsatu….

 

Elkarrizketa hau Argiak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Zigor Oleagaren jatorrizko elkarrizketa osoa eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago