U30 Greba Orokorra

Kazetari baten lana indarrez eragotzi zuen udaltzaina ez du zigortu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zigor Oleaga 2020ko mar. 5a, 09:23

Udaltzaina, Hala Bediko kazetaria hormaren aurka atxikia duela. / ARGIA

Urtarrilaren 30eko greba egunean Gasteizen udaltzain bat Hala Bediko kazetari bati oldartu zitzaion eta herritar bat kolpatu zuen inongo arrazoirik gabe. ARGIAk bideoz jaso zuen gertaera. Udalak ikerketa abiatu zuen, eta ez du "inongo" jarrera desegokirik atzeman.

Otsailaren 12an Segurtasunaren eta Udal Administrazioaren ohiko Batzordea egin zen Gasteizko udaletxean; bideo-akta iragan astearen amaieran egin zen publiko. Gertaeren inguruko eztabaida, 17. minututik aurrera.

EH Bilduko udal-taldeak zenbait galdera zuzendu zizkion bertan Segurtasun zinegotzi Marian Gutierrezi, urtarrilaren 30eko greban Udaltzaingoak izan zuen jarreraz oro har eta udaltzain baten jardueraz zehazki. EAJk eta PSEk gobernatzen dute elkarrekin Gasteizen, eta Gutierrez PSEko kidea da.

Galderak egin aurretik gertaera jasotzen duten bi bideo erreproduzitu zituzten aretoan. Bata ARGIAk zabaldutakoa da, eta bestea ez da publiko egin, hain zuzen ere udaltzaingoak hori ez egiteko mehatxua egin zuelako.

Aurpegia estalita daraman udaltzain batek Hala Bediko kazetari bati lepotik heldu, bultzatu eta kamera kentzen dio, bideoan ikusten denez. Ondoren, hormaren aurka atxikia duen gazte bati arrazoirik gabe borra kolpe bat ematen dio udaltzain berberak. EH Bilduko Iratxe Lopez de Aberasturiren esanetan, bigarren bideoan entzuten da poliziak argazki kameraren faktura eskatu eta mehatxu egiten diola kazetariari: "Sabemos quién eres" ("Badakigu nor zaren").

Hainbat galdera zuzendu zizkion Lopez de Aberasturik Gutierrez Segurtasun zinegotziari. Besteak beste, ea grebaren egunean Udaltzaingoak kazetarien lana oztopatzeko agindua ote zuen –GasteizBerri hedabideko kazetari batek ere salatu zuen Udaltzaingoaren jazarpena grebaren ostean–, eta ea aipatutako udaltzainaren "gehiegikeriak" ikertzen ari den Segurtasun saila, edo egiteko asmorik duen.

Albiste hau Argiak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Zigor Oleagaren jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago