Stanley, genozida baten konplizea gurean

Erabiltzailearen aurpegia Urko Apaolaza 2019ko uzt. 10a, 17:07

William Stanley, Henry Morton Stanley esploratzailearen birbiloba ohorez hartu zuen Gasteizko alkateak udaletxean / G. Udala

Esploratzaile mitikoa Araban izan zela 150 urteak ospatu dituzte egunotan Gasteizen eta Kanpezun. 

Kazetariak bertatik bertara ezagutu zuen Euskal Herria bidaia horretan, eta labanaz idatzita utzi zuen bere izena Gasteizko arbola batean. Belgikako Leopoldo II.a genozidaren zerbitzura Kongoko herritarrak odolusteko erabiliko zuen gero labana bera, "bide komertzial berriak" aurkitzeko aitzakian.

Uztailaren 3an bete dira 150 urte Henry Morton Stanley esploratzaile eta kazetariak lehen bisita egin zuela Arabara, Euskal Herria gerraren atarian zela. The New York Herald egunkariaren korrespontsala zen eta Kanpezuko karlisten matxinadaren berri ematera etorri zen gurera –hango alkate liberala hil zuten liskarretan–. Bide batez, "euskal probintzien eta bere jendeen" deskribapen zabala egin zuen erreportajean.

Urteurrena hainbat ekitaldirekin ospatu dute joan den astean. Antolatzaileen artean zeuden Vitoria 2013 historia elkartea, La Exploradora-Manuel Iradier elkarte afrikanista eta Gasteizko eta Kanpezuko udalak. Kanpezun mahai-ingurua egin dute, eta esploratzailearen birbilobak Gasteiz bisitatu du bere arbasoa ibilitako tokietan barrena, udal ordezkarien eta elkarteetako kideen laguntzaz. Henry Morton Stanleyk kale bat du Arabako hiriburuan, Zabalgana auzoan.

Erreportaje hau Argia aldizkariak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago