Berriki, Gasteiz eta oro har Arabaren deskribapen esanguratsuak egin ditu Mundutik mundua / Arabako hitzontzi baten kronikak (Pamiela) entsegu liburuan. Mundua erretratatu du bertatik bertara.
Nafarroarekin lotutako arabarra zara, gasteiztarra.
Bai. Neurez gasteiztarra naiz, hemen hazia. Zelaieta Anta naiz; Blanco ere bai… Aitaren aldetik Bortzirietako nafarra, Berakoa. Amaren aldetik galiziarra. Gasteizen hezitakoa naiz. Familiako kontuak zirela eta, haurtzaroan Bera aldera joaten ginen, baita Hondarribira ere udaldian. Hala ere, aitak ez zigun euskara transmititu, anaia zaharrenak ordea jaso zuen; Parisen jaioa izan arren, usu joaten zen Berara. Ni baino hamar urte zaharragoa da. 1965ean, frankismo bete-betean, Gasteizera etorri zen gaztelania ikasi gabe, euskaraz besterik ez zekiela. Beste biok erdaraz hazi eta hezi ginen. Aitaren aldetiko familia euskalduna da, baina ez zuten bereziki kontzientzia euskaltzalea. Beraz, A eredutik pasatu ondotik euskaltegian egon nintzen; gero Euskal Filologia egin nuen; eta azkenik, tesia Baztan-Bidasoako euskararen gainean egin nuen.
Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronikak izena du zure liburuak. Gaizki ikusia al dago gaur egun hitzontzi edo kalakaria izatea?
Ez dakit gaizki ikusita dagoen... Hitzontzia ipini diogu liburuari azpiko izenean, hitzontzi baten irudi batekin [azalean ageri dena] jostatu nahi izan dugulako. Funtsera joanaz, Hitzontzi-ren gibelean autoironia dago, ironia zilegi eta sanoena, nork bere buruari barre egitea. Hau da, lehenik eta behin norberak egin diezaiola irri bere buruari, horrek eman baitiezaioke, akaso, beste batzuei buruz barre egiteko parada. Autoironia asko gustatzen zait genero literario modura, baita egunerokoan erabiltzea ere. Liburuan ironia dago eta ironiaren barruan estimatzen dudan generoa dago: autoironia. Apustu estetiko eta kasik etiko modura bizi dut ironia. Dena dela ere, autoironia alde batera utzita, hitzontzikeria-z galdeturik, interesatzen zait entzuten dakien jendea. Hitz egiten jakitea funtsezkoa da, baina entzuten jakitea arrunt inportantea. Zer da zailago gaurko munduan, hitz egiten edo entzuten jakitea? Nire ustez, zarataz gainezka bizi garen jendarte honetan, gehiago kostatzen zaigu entzutea.
Elkarrizketa hau Argia aldizkariak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.