Glovorentzat lanean aritu naiz Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia Paul Iano 2019ko mai. 4a, 08:00

Paul Iano orain hiru urte Gasteizera bizitzera etorri zen. /Dos Por Dos

2015ean sortu zen Glovo. Garraio enpresa bat da. Haren berezitasuna da edozein motatako gauzak ordubete baino lehenago banatzen dituztela bizikletaz nagusiki mugitzen diren langileek. 

Hanburgesa garestiak saltzen dituen Gasteizko jatetxe modernoxka baten kanpoaldean nago, zutik, bizikleta nire alboan dudala, zigarroa eskuan. Gaur bigarrenez nago jatetxe berean. Sakeleko telefonoaren erlojuari behin eta berriz begiratzen diot: tik-tak, tik-tak. Minutu bakoitzeko bost zentimo ordaintzen dizkidate eta dagoeneko ordubete daramat itxaroten. Sukaldetik poltsa marroi batean pare bat hanburgesa atera dizkidate eta lan honetan gustuko dudan gauza bakarrari ekin diot: bizikletaz abiadura arriskutsuz hirian barna ibiltzea.

Lanaldia bukatu ondoren, gutxi gorabeherako kalkuluak egin ditut: lanean izan naizen 200 minutuetatik 70 baino ez ditut jardun nire zeregin nagusian; alegia, bizikletaz ibiltzen eta bezeroekin harremantzen. 104 minutu janariaren zain eman ditut. Horixe bihurtu baita Glovo konpainiarentzat egiten dudan lanaren zatirik garrantzitsuena: zain egotea.

Honela funtzionatzen du Glovok: egun batzuk lehenago, mugikorreko aplikazioan adierazi behar dituzu astean egin nahi dituzun lanorduak. Hasiberriek gaueko txandak baino ezin dituzte hartu, asteburu gauekoak gehienbat. Lanaldia hastean, eskaeren zain geratzen zara. Denbora puska bat har lezakeen prozesua da hau.

Albiste hau Argiak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago