Jaiotzetiko pobrezia Ginea Konakryn, Europara bidaia pateran, Almeriako plastikozko itsasoa, Arabako adingabeen zentroetako tratu txarrak eta kanporatze saiakera ilegalak, bizileku-baimena lortzeko ezin konta traba. Lekukotasun hau milioika pertsonaren historia konpartitua da. Atzo bezala, gaur ere bai.
Nolako haurtzaroa izan zenuen?
Ginea Konakryn jaio nintzen, Telimile herrialdeko herrixka batean. Inguruko herrietan bazen eskolarik, nirean ez. Aitzineko jendeak zioen, "ez dut nire umea eskolara bidaliko". Zuriena baitzen eta zuriak gorroto zituzten, zuriek beltzak gorroto zituzten modu berean. Landan arroza eta zenbait zereal lantzen genituen. Etxe inguruan artoa, juka edo patata. Familia behartsua ginen: goizean jan, eta ez zenekien zer afalduko zenuen. Sei anaia ditut.
Behin, merkatuan baso fruituak saltzen zirela ikusi nuen. Basora joaten hasi nintzen, fruituak jaso eta merkatuan saltzeko. Koskortzean, 10 urterekin hasi eta 15ak bete arte, hiriburuko merkaturaino hurbiltzen nintzen. Gauza asko saldu eta erosten nituen. Kalean egiten nuen lo lagun batekin. Ondoren, Ginea Bissaun saltzaile ibiltari hasi nintzen. Gambiaraino bidaiatzen nuen arropa erosi eta Ginean saltzeko. Amaierarako diruren bat egina nuen, baina zorte txarra izan nuen, aurreztutako dirua lapurtu zidaten.
Orduan erabaki zenuen alde egitea?
Angolara nahi nuen, herri aberatsa. Prozesu horretan ari nintzela, lagun baten lagunak "ni Espainiara noa" bota zidan. "Europara! Iritziz aldatu dut, banoa ni ere". Gutako askok ez genion ezer aipatzen familiari. Astebetean irtetekoa zela esan zidan, paterarako 600 euro zirela. Anaiari esan nion Gambiara nindoala merkantzia bila, eta Senegalera jo nuen. Nik uste nuen autobusa hartzearen parekoa zela, txartela hartu eta irten.
Odisea latzari ekin zenion orduan.
Horrela zen: zuk joan nahi duzu, irten nahi duen jende gehiago bilatzen duzu, jende horrek beste jende bat... patera bete arte, orduan irteten zara. Ordea, beti esaten dizute bihar irtengo zarela. Eta behin ordainduta diru hori ez dizute inoiz bueltatuko. Inoiz ez. Ni eta beste pertsona asko murruz inguratutako etxe batean giltzaperatu gintuzten. Esaten ziguten ezin genuela irten, Poliziak atxilotuko gintuela patera hartzea debekatuta zegoelako. Baina iruzur egiten ziguten. Ez duzu inor ezagutzen, ezta hizkuntza ere. Gure dirua eman behar genien janaria eros ziezaguten, eta egoeraz baliatzen ziren diru askoren truk jaki gutxi emateko. Protestan hasi ginenez, irla batera eraman gintuzten. Baina jende gehiago behar zuten oraindik. Irlan ahaztu ezinezko lau egun pasatu genituen [barre].
Zenbat lagun zindoazten pateran?
180, estu-estu. Aipatutako lau egun zoragarri horiek "Irla mortuan" igaro genituen, horrela zuen izena. Ura, itsasoarena; jana, zero. Itsasoratu aurretik nork bere ura erosi behar zuela esan ziguten, baina ontziratzean dena kendu ziguten. Haiek emango omen ziguten denetatik. Sinetsi dezakezu edo ez, baina ezin duzu deus egin. Ezetz esan eta bueltatzen saiatzekotan ez dizute utziko, ondoren beste batzuek ez baitute bidaiatu nahiko. Hilko zaituzte. Ur botila batzuk eta baso bat utzi zizkiguten. Ez zen inor hil, baina ia-ia. Laugarren eguneko gauerdian patera heldu eta oihukatzen digute, "bagoaz!". Hor gelditzekotan, hor gelditzen zara.
Kanarietara bidean, azkenik.
Hamar egun. Ez nuen begirik bildu hamar egunetan. Hor bai izan genituen jana eta edatekoa, ontziratzean lapurtu zigutena. Haiek banatzen ziguten. Itsasoz bidaiatzen nuen estreinako aldia zen. Igerian banekien pixka bat, jaioterrian ibaia genuelako. Gure kasuan denok heldu ginen. Batzuek burua galdu zuten, ez hitz egin ez ezer. Hil inor ez, baina desagertu...
Salbamendu-taldeei laguntza eske aritu zineten eta ez zizueten eman, ezta?
Heldu aurreko egunean, atzera egitea pentsatzen hasi zen jendea. Baina kapitainak ezetz esan zuen. Ez zegoen bueltarako adina gasolinarik, saiatu beharra zegoen. Jendea erdi hilda zihoan, ni gaztea izanik zer edo zer hobeto nengoen. Gau hartan patera apurtu eta ura sartzen hasi zen. Itsasoa oso harro zegoen. Hor bai pentsatu nuela hiltzera gindoazela. Gaua zen, asko ez ziren ezertaz ohartu, erdi hilik erdi lokarturik. Azken egunean, arratsaldeko bostak aldera salbamendurako itsasontziak eta helikopteroak begiztatu genituen urrunean. Ez ziguten kasurik egin, gehiago sufritzen ari ziren beste batzuk egongo ziren eta haiengana jo zuten. Gauerdira arte ez ginen heldu.
Lurreratzean, Poliziaren eskuetara. Kanarietan 40 egun eta Madrilen beste bost. Handik Almeriara joan zinen zu bakarrik, plastikozko itsaso famatuetara. Lortzen zenuen lanik?
Hasieran ez, gero noizbehinka. Tomatea, alberjinia, piperra. Eguneko 30-32 euro ordaintzen zizkiguten [2008a zen]. Hartzen ez nindutenean, merkatuetara joan eta CDak saltzen nituen. Jendeak erosten zuen, baina polizia agertzean dena botata korrika irten beharra zenuen. Ni beldurrez egoten nintzen, CDekin atzemanez gero paperik ez zenuela inoiz lortuko esaten zen-eta. Urtebetez horrela.
Eta urtebete igarota, Euskal Herrira.
Gasteizerantz abiatu nintzen, herrikide baten bitartez. Heldu eta esaten dit "goazen Udaltzaingoarengana". Nik, nire artean, "hara, beti polizia!" [barre]. Aldundira eraman ninduten, adingabeen ardura hark du, Zabaltzen zentrora. Zentroan bi hilabetez egon ginen, hortik Estibalizera. Han beste bi hilabete, eta azkenik Bide Berrira sei hilabetez. Denak mutilak ginen. Afrika hegoaldekoak, aljeriarrak, marokoarrak, 30 inguru. Esnatu, gosaldu, ikastera joan eta buelta zentrora.
Gero okerrera egin zuen denak.
Ez dakit zer gertatu zen, nik uste ez zutela gutako gehiago etortzerik nahi, eta egoera gogortu zuten. 18 urte betetzean bizileku-baimena izateko paperak egiteari utzi zioten. Eta zentroan arazo txikiengatik zigor handiak jartzen hasi ziren. Adibidez, esnea gehiago berotzea eskatzeagatik. Behin hezitzaile batek jo egin nahi izan ninduen, baina ez nion utzi. Horrelakoak izaten ziren, ez askotan, baina izaten ziren. Bazen karatea egiten zuela esaten zigun hezitzaile bat, horrek bai gustuko zuen jotzea.
Aurrerago, koordinatzaileak bulegora deitu gintuen gutako hiru. Paper batzuk aurkeztu zizkigun, esaten zutenak ez ginela adingabeak. Aldundiak egin zituela esan zigun, sinatu beharra genuela. Guk ezetz, gure legezko pasaportea bagenuela, Poliziak gure dokumentazioa zuela. Hark erantzun Poliziak gure hatz-markak aztertu zituela, adingabeak ez ginela probatu zutela. Dena gezurra zen. Sinatzea nahi zuen, paperak Aldundira eraman eta gu izorratzeko. Guk ez genekien irakurtzen. Ez genuen sinatu, eta ondoren gure kontra egin zuten gogor. Gu ere errebelatzen hasi ginen, guztiak. Gutako hiru “matxinadaren” arduradun izendatu gintuzten, eta oso zigor gogorra ezarri nahi izan ziguten: gela banatan giltzapetuta, erabat bakartuta hiru astez. Orduan, zentrotik ihes egin genuen denek batera.
Dimentsio publiko handia hartu zuen gaiak. Gasteizko norbanakoek eta mugimendu herritarrek osatutako sareak eman zizuen babesa.
Bai, ordurako gure berri bazuten. Batzuk Zaramagako elizara, hiru meskitara, beste asko lagunen edo pertsona solidarioen etxeetara joan ginen. Bartzelonan edo Madrilen kontaktuak zituzten zenbaitek alde egin zuten. Hori da zentroak eta Aldundiak nahi zutena. Lau egunen ostean zentrora bueltatu ginen. Aldundia, paperei dagokienez, bere betebeharrekin konplitzen hastea lortu genuen.
Zentrotik kanpo, fase berri bat hasten da. Urtebeterako bizileku-baimena zenuen, lan egiteko baimenik gabe. Baimena berritzeko, aldiz, lan-kontratu bat aurkeztu beharra zenuen.
Zaila da azaltzen, baina ohikoa da hemen. Ez duzu lan-baimenik, urtebeterako kontratatzeko prest dagoen norbaitek soilik kontratatu zaitzake. Mirariz aurkitzen baduzu, esango dizu: "Etorriko zara bihar lanera?". Ezin duzu. Izapide piloa egin behar baituzu, gutxienez hiru hilabetez luzatuko direnak. Hortaz... agur lanari.
Zoro baten gisan aritu nintzen lan bila. Kontratu baten truke dirutza eskatzen dizun jende piloa dago. Are larriagoa: gerta daiteke ordaindu ondoren kontratua ez egitea; mafioso asko dago. Horrelako kasu asko ezagutu ditut.
Zenbat lanetan aritu zara ordutik?
Gasteizen soldatzaile aritu naiz, garbiketan ere toki ugaritan. Gaztelania, soldadura, pintura, elektrizitatea, telekomunikazioak eta garbiketa ikasi dut. Alemaniara eta Andaluziara ere irten naiz lan bila.
Nola zaude orain?
Bost urterako bizileku-baimena dut; hurrengo urtean amaitzen zait. Berritzeko arazorik ez izatea espero dut, teorian, behin bost urtekoa lortuta, erroldarekin nahikoa da. Teorian, legeak aldatu egiten baitira... Bestela, ondo antzean nago, Hala Bedi tabernan lanean, baina ordu gutxi. Gehiagoren bila nabil, beti bila.
Ohiz kanpoko bizitza izan da zurea?
Nire historia gutako askorena da. Jende pobre askoren burutazioa da: "Ni banoa, zer edo zer lortu arte ez naiz bueltatuko". Gertatuko zena jakin izan banu, ez nintzatekeen etorriko. Baina norbaiti esaten badiozu "ez joan, %70a ez da pasatzen", esango dizu: "Beno, %30a bai, agian horietako bat naiz". Arriskatu beharra dago, ezta? Eta Europarantz irteten dira. Askok buelta hartzen dute, ez pentsa, asko hiltzen dira. Batzuek bost urte daramatzate Saharan, igaro ezinik. Kontatu didatenez, Sahara patera baino latzagoa da, asko gosez hiltzen dira.
Besterik esan nahi?
Gu pertsona normalak gara. Bizimodua ateratzeko asmoz etortzen gara, eta espero ez genuena aurkitzen dugu. Hala eta guztiz ere, eutsi egiten diogu, borroka egiten dugu. Hemen, arrazakeria ez da askotan hitzez adierazten, baina bai bestela, igarri egiten da. Hiri barruko autobusean eseri, eta badakit ez zaidala inor ondoan jarriko. Nik autobusean erregea ematen dut, lepo egonik ere, beti baditut bi leku niretzat [barre].
"Modu askotan sufritu dut, inoiz ez ama hil zitzaidanean beste"
Familia laguntzeko diru bila irten zinen. Hamar urte joan dira...
Ni bezala bidaiatzen dugunok, pentsatzen dugu: "Pasatzea lortuz gero, nahi duzunean lan egin ahal izango duzu, nahi beste, nahi bezala irabaziz". Hona heldu, eta a ze aldea. Nik ikusten dut zer dagoen, baina nik lehen pentsatzen nuen berbera pentsatzen jarraitzen du familiak: "Heltzen bazara jada dirua duzu". Zergatik gertatzen da hori? Ba, adibidez, mutil batek lana lortu eta hilean 100 edo 300 euro bidaltzen baditu, hori dirutza delako. Familia ondo egongo da, etxea egingo du... Jendeak %3 horri soilik begiratzen dio. Ez itsasoan hil direnei, ez etorri ostean bueltatu ezin direnei, gehiengoari. Batzuek paperik ere ez dute lortzen, beste batzuek bai baina lanik ez, hemen zahartzen dira. Esku-hutsik ezin zarelako bueltatu. Begira niri, hamar urte daramatzat. Anaiak ezkondu egin dira, gauzak gertatu dira. Badakizu zer esaten didaten? Inutila naizela. "Denbora asko daramazu han, ez dirurik ez ezkondu ez ezer". Ahaleginik egin ez dudala uste dute, horregatik ez dudala deus lortu. Edo zikoitza naizela diruarekin, izan badudala baina ez dudala banatzen. Dirurik ez badut, ez dut deitzen.
Urteotan gertaera lazgarririk ere izan duzu familian.
Toki eta modu askotan sufritu dut, baina inoiz ez ama hil zitzaidanean beste. Egunero oroitzen naiz harekin. Han bazaude, familiarekin, eramangarriagoa izan daiteke, baina kanpoan egonik... Nire anaietako batek etorri nahi izan zuen, ni aurka nengoen. Malitik saiatu zen Aljerian sartzen, eta tuareg batzuek bahitu zuten. 3.000 euro eskatzen zituzten ez hiltzearen truke. Beldurra pasa zuen, torturatu egin zuten. Hemengo eta hango jende askoren laguntzari esker, bizirik eta libre da egun.
Harremanak ez dira errazak, baina elkartasun sareak daude.
Egoera oso zailak bizitzen ditugu. Nik, herrikideen artean, benetako lagunak, behar duzunerako dauden horietakoak, gutxi ditut. Hori bai, ezagutu edo ez fula hiztun heldu-berri bat ez dute kale gorrian utziko, inguruan beste fularik baldin bada. Aldi baterako aterpea ziurtatua du, gero bere bidea egin beharko du.
Afrikan, gure herrixkan, eskola bat eraikitzen ari gara guztion artean, oraindik ez dugu eskolarik eta. Kanpoan gaudenok eta ahal dugunok materialerako dirua jartzen dugu, eta herrian jarraitzen dutenek eraikuntzan hartzen dute parte.