'Delinkuentzia kanpora' taldeko kide bat zigortu dute SOS Arrazakeria mehatxatzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Miren Osa Galdona 2018ko mar. 21a, 13:00

Delinkuentzia Kanpora taldeko kide bat zigortu du Bilboko Epaitegiak Facebook bidez Federico Garcia Arabako SOS Arrazakeria taldeko burua mehatxatzeagatik. 150 euro ordaindu beharko ditu.

Egun Gasteizko Abetxuko auzoan bizi den Manzanares Cortes familiarekin lotura dute mehatxuek. Zenbait bizilagunek familia kanporatzea eskatu izan dute, delinkuentziarekin lotutako ekintzak egiten dituztela argudiatuta. Abiapuntua hor dagoela dio SOS Arrazakeriak. "Hil egingo zara eta antzeko mezuak bidali zizkion Delinkuentzia Kanpora taldeko kideak  SOS Arrazakeriako Garciari.

Diskriminazioaren aurkako kolektiboak salatu du zenbait bizilagunen jarrera gorrotoan oinarritzen dela. "Manzanares Cortes familia presio handiak jasaten ari da eta eurenganako gorroto mezuak egunero gertatzen dira".

Epaileak 150 euroko isuna ezarri dio mehatxugileari. EAEn lehen zigorra da sare sozialen bidez igorritako mezuen ondorioz, SOS Arrazakeriak jakinarazi duenez.

"Pozik" dira erabakiarekin eta mugarri izatea espero dute. "Jendeak uste du sare sozialetan inpunitate osoz jardun dezaketela eta neurri honek kontrakoa adierazten du".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide