"Errioxan upategi handiek dute boterea, guri ez digute jaramonik egiten"

Erabiltzailearen aurpegia Lukas Barandiaran 2018ko urt. 15a, 08:00

“Guk ekoizpen iraunkorra bultzatzen dugu, gure historiarekin eta gure lurrarekin lotuta. Agro-industriarekin ez goaz inora”. DosPorDos

Esti Besa, Arabako Errioxako ardogilea. Eskuernagan jaiotakoa, ardogintza eta mahastigintzaz inguratuta bizi izan da. Candido Besa upategiko langilea 1991tik, ardogintza eta nekazaritza ekologikoa bultzatzeko apustua egin du. Horretarako Etxalde Nekazaritza Iraunkorreko kide da, eta ezaugarri horiek bultzatzeko jatorri izendapen berri bat lantzen dabiltza.

Eguraldia dela eta, aurtengo uzta urria izan da. Nola daude zuen mahastiak?

Apirilaren 28an izozte handia izan zen, zero azpitik hiru-lau gradu egin zituen. Mahastia aurreratuta zetorren, kimuak nahiko hazita zeuden ordurako, eta dena erre zuen. Beste askok ez bezala, segurua daukagu guk, eta hark mahastiaren %90 galdutzat eman zigun. Orain Zero Gunea deitzen digute. Negargura handia eman zigun. Gure ekoizpenaren %15 jaso dugu, zehazki.

Nola eragin die industrializazioak mahastiei?

Badirudi bakoitzak bere ardoa izatearen kontua betikoa izan dela, baina lehen ardoa alondegi edo upategi handietara saltzen zuten, mahastizain eta sotolari txikiek ez zuten bakoitzak berea saltzen. Hori berria da, 70eko hamarkadan hasi zen bakoitza berea komertzializatzen, orduantxe eman baitzen boom-a. Mekanizazioa eta enpresa multinazional handiek hornitutako produktu kimikoak –ongarri artifizialak, fungizidak, herbizidak– banatzen hasi ziren. Ordura arte lan askorekin egiten zena, mekanizazioarekin eta berrikuntzekin oso erraz egiten zen. Eromena izan zen. Denborarekin ohartu ginen lurra zaindu behar genuela, horrela ez zuela asko iraungo. Guk ehun urteko mahastiak ditugu, baina halako ekoizpen mota erabilita, 40 urtean ez dute ezer emango, akabatu egingo ditugu.

Errioxako jatorri izendapenak eta Kontseilu Arautzaileak zein paper eduki dute hor?

Upategi handiek dute boterea, haiek agintzen dute. Errioxa jatorri izendapenaren kontseiluak 150 bozeramaile ditu, eta horietatik soilik bost dira Arabar Errioxakoak. Guk ez dugu batere ahalmenik kontseiluan.  Promoziorako diru kantitate handiak dituzte, baina guri ez zaigu ezer iristen. Dirua barra-barra xahutzen dute ez dakit nongo banatzaileei eskaintzak egiteko. Hemendik kanpo Errioxa soilik bere orokortasunean ezagutzen da, baina Errioxaren baitan hiru eremu daude: Goi Errioxa, Behe Errioxa eta Arabar Errioxa. Kultura eta bizimodu oso ezberdinak daude hiru eremu horietan, eta ez dituzte kontuan hartzen bakoitzaren ezaugarriak.

Zein diferentzia dago Errioxa eta Arabar Errioxaren artean?

Arabar Errioxan familien mahastiak dira gehienak. 300 biztanleko herri batean 40 upategi dauzkagu, mahatsa saltzen dutenak kontatu gabe. Behe Errioxara jaitsita upategi erraldoiak daude, jabetzak gutxi batzuenak dira eta gainontzekoak langileak dira. Jabe horiek dira agintzen dutenak, Errioxako jatorri izendapenaren kontseiluan bozka gehien dituztenak. Ondorioz, inguruko 60 inguru upategi txiki biltzen hasi ginen gure berariazko jatorri izendapena sortzeko.

Zergatik nahi duzue zuena?

Gure artean antolatu eta kudeatu nahi dugu, baina ez digute uzten, disidentetzat jotzen gaituzte. Gure eskualdearen biziraupena bermatu nahi dugu, eta hori soilik gure artean adostuta egin dezakegu. Arabako ardoaren betiko ezaugarrietako bat kalitatea izan da; lurra zaintzeak eta ekoizpen zaindua eta ekologikoa edukitzeak kalitate handia ematen dio. Azken bi urteetan gure izendapen propioa egiteko lanean ibili gara, Arabako Mahastiak, baina kontseiluak Arabar Errioxa jarri beharrean Rioja Alavesa jartzera behartu gaitu, baita gure izendapenaren ondoan Errioxako izendapena jartzera ere.

Zuen apustua ekologikoan aritzea da.

Hori da onena guretzat. Lau katu gara Arabar Errioxan mahastigintza ekologikoan gabiltzanak. Instituzioak ez dira arduratzen hori aurrera eramaten. Instituzioen nekazaritza politika oso eskasa da, politikariak hurbiltzen zaizkigunean beti dabiltza esportazioak gora eta behera, baina lehenago hemengo beharrak ase behar ditugu. Etxalde, Via Campesina, Baserritik Mundura eta Bizilur bezalako mugimenduek egiten dute lan aurrera egin ahal izateko.

Etxalde Nekazaritza Iraunkorrean ari zarete zuek. Zer egiten duzue?

Etxalderen filosofia elikadura burujabetza eta nekazaritza iraunkorra bultzatzea da. Hori da gure nahia, duintasunez bizitzea. Eta ez gutxi batzuk, baizik eta denok. Horretarako denok ekoitzi behar dugu pixka bat, ez gutxi batzuek dena.

Ez duzue bide erraza, bada.

Azken sei urteetako uztetatik lau kaskarrak izan dira; hori gurea bezalako upategi txikientzat jasanezina da. Errioxako jatorri izendapenaren kontseiluak daraman politika, Europatik datozen politikak, globalizazioa, denak eragiten digu. Hau da gure bizimodua, baina gero eta zailagoa da. Asko upategi handiei mahatsa saltzen hasi zen, baina batzuk jada lurra saltzen hasi dira. Gure bizimodua, eta gu geu, pikutara goaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago