“Gutxietsi egin gaituzte; argindarra kenduta maletak egin eta alde egingo genuela uste izan dute”, esan die Errekaleor Bizirikeko kide batek, oholtza gainetik, manifestazioan bildutako milaka lagunei. Elkartasun hauspo ederra jaso du Gasteizko Udaleko gobernu taldeak eraitsi nahi duen auzo okupatuak. Azken urteetan hirian egindako manifestazio handienetakoa izan da, baina batez ere pankarta gehien bildu dituena. Herri mugimenduaren adierazpen ugari izan dira Andre Maria Zuriaren Plazaren eta Errekaleor auzoaren arteko ibilbide luzea egin duen mobilizazioan.
17:30ak aldera abiatu da manifestazioa, euri jasaren pean. Berehala atertu du ordea. Giro alaia izan da nagusi, aurretik zihoan kamioi gaineko rap kantariei esker besteak beste: Markes, Fat Fish, GATOM, La Basu, Akerjembe, Esti, Maider… Kantu eta kantu artean “Errekaleor Bizirik”, “Okupazioa delitua bada, gora, gora delinkuentzia” eta “Urtaran cara pan” leloak oihukatu dituzte manifestariek.
Errekaleorrera iristean berriz gora egin du animoak, ibilbide luze samarraren ondorioz pixkanaka apaldurik zegoen eta. Manifestazioa hasi aurretik iragarrita zegoen Berri Txarrak taldeak joko zuela amaierako ekitaldian; nafarren aurretik, ordea, musika, antzerkia, poesia eta Errekaleor Bizirik-eko kideen agerraldiak izan dira oholtza gainean.
"Arazoa ez da guk argindarra ez ordaintzea"
“Argindarrik gabe baina inoiz baino indartsuago gaude”, adierazi dute auzo okupatuan bizi direnek, “erresistentzia gara, erroak bota ditugu hemen, eta hemen loratuko gara”. Errekaleorren historia gogora ekarri dute, baita Gorka Urtaran Gasteizko alkateari mezua helarazi ere: harekin hitz egiteko beso zabalik daudela esan dute, baina azpimarratu dute lagungarria izango litzatekeela, hasteko, udalak onartzea duela urte batzuk Errekaleor desalojatzeko egindako lehen saiakeraren helburua “pelotazo” urbanistikoa ematea zela.
“Arazoa ez da guk argindarra ez ordaintzea, batzuek argindarrarekin negozioa egitea baino”, esan du Errekaleor Bizirikeko kide batek azkeneko hitzaldian, “saiatzen ari dira gu kriminalizatzen, nortzuk eta errefuxiatuak Europako ateetan abandonatuta uzten dituztenak, aurrekontu publikoetan murrizten dituztenak, pentsioak igotzen dituztenak…”. Hori esan aurretik, Errekaleorrek Gasteizi asko ematen diola aldarrikatu dute, auzotik kanpokoek ere goza ditzaketen kirol, kultur eta gizarte ekimenen bitartez besteak beste.