Etxauzia Gazteluak hainbat mendetako historia dauka. Bertrand Etxautz (1599-1617) baigorriar noblearena izan zen, Baionako apezpikua eta Henri IV. Erregearen hurbilekoa zena. Gero jabegoa aldatuz joan da: XIX. mendean, Hendaiako Abadia Gazteluaren jabeak, Antoine d’Abbadie d’Arrastek, haren anaia Jean Charles d’Abbadierentzat erosi zuen. Iragan mendera etorrita, haren iloba Henri d’Abbadie d’Arrast (1897-1968) zinegilearena izatera pasa zen. Harry d’Abbadie izenez ezagutua, Hollywooden zinema zuzendari eta aktore izan zen, Charles Chaplinekin lan egindakoa: “Chaplin hiru aldiz etorri zen Baigorrira, udalditan Etxauzian ostatu hartu zuen ospe garai gorenean. Haren argazkiak daude gazteluan. Harry euskaldun gisa aritu zen Hollywooden. Maila handiko zinegilea izan zen, baina oso ezezaguna da euskaldunontzat. Baigorrin lurperatuta dago”, erran digu Ion Ansak. II. Mundu Gerran berriz, alemaniar naziak Etxauzian ostatatu ziren. Harry hil eta gero garai ilun samarra heldu zen gazteluarentzat.
Etxauziaren egungo jabea Ajit Asrani da, pakistandar jatorriko estatubatuarra. Miamin bizi da. Frantzian merkatu handia dago gazteluen inguruan, hori ikusita, proiektuaren bultzatzaileek Etxauzia herriarentzat berreskuratu nahi dute. Jabearekin ari dira negoziazioetan kari horretara.
Herritarren proiektu nazionala
Xedea gaztelua erostea bada ere, ez da helburu bakarra, egitasmoaren gibeleko funtsa baizik. Gazteluaren kostua aski handia izan arren, ekimenaren sustatzaileek ez dute proiektua “instituzionalizatzea” nahi: “Kontua ez da soilik gaztelua erostea, fantasia polita bada ere. Gaztelua palanka da atzean dagoen proiektua garatzeko”, dio solaskideak.
Ion Ansa, Etxauziako komunikazio arduraduna:
"Kontua ez da soilik gaztelua erostea, fantasia polita bada ere. Gaztelua palanka da atzean dagoen proiektua garatzeko"
Etxauzia lantegien elkartea izatea nahi dute: eskualdearen eta inguruaren garapena dute xede, enpresen arteko elkarlanaren eta elkartasunaren bidez. Iparraldeko barnealdeak berezkotasunak dauzka: euskara gorde du, kostaldearen eta hiriaren aldean; ekonomia lantzeko berezko jitea garatu du azken urteotan; emigrazio lurraldea izan da; eta egun ere, tamalez, halaxe da. Gazteek kanpora joan behar izaten dute, halabeharrez. Alta bada, belaunaldiz belaunaldi, herri ekimenari esker –Basaizea elkartea tarteko, besteak beste– baigorriarrek euskal nortasuna atxiki dute. Jakin zutenean oraingo jabeek Etxauzia saldu nahi zutela, zer hobe proiektuaren aldeko nahikaria sustatzea baino! Ausartak dira baigorriarrak.
Proiektua ideia nazionalaren inguruan antolatzen ari da, hots, Euskal Herri osoa kontuan harturik. Kultura berealdiko ezaugarria izanagatik, ekonomiak motorra izan behar duela diote eragileek. Enpresen bilgune bihurtu nahi dute, baliabide zentro gisara antolatua. Sare dinamika baten barnean ari dira, komunikazio bateratua landuz eta eskubide kolektiboen defentsa bermatuz. Herritarren formakuntza zentroa abian jarri dute. Ekonomia, ondarea eta historia lantzen dituzten taldeak ari dira dagoeneko.
Komunitatearen lanketak iraunkorra izan behar duela jakitun, bi fasetan aurreikusia dute proiektua une honetan: Etxauzia erosi bitartekoa eta berau eskuratu ondorengo garaia kudeatzeko fasea. Garazin eta Baztanen gaindi bide egin dute eta orain “proiektua eskualdean kokatu ondoren, aurrera egiteko, ikuspegi nazionalaren ideia ongi azaldu nahi dugu. Euskal Herri osoko komunitateak leku izan behar du proiektuan. Gaztelu eder bat izateak jendea erakarri behar du, ‘izan ginelako gara’ lema bitartez, baina izaten segitzeko, beharrezko diren bitartekoak zein diren argi jakinarazi behar diogu jendeari”. Proiektuaren abiaburuan, “euskaldun bat euro bat” lemak 100.000 euro ekarri du, onura handia. Orain, berriz, hausnarketa fase batean jardun ondoren, fase berri batera pasa dira. Hainbat langile berri ari dira egitasmoan, modu profesionalagoan.
Komunitateko partaidearen onurak
Urratsez urrats, lehena webgune berria osatzea izan da: etxauzia.eus. Hasierako bera da, baina atalak hornituagoak eskaintzen ditu orain: Ekonomia, Diaspora, Kultura eta Historia lantzen ari dira. Komunitateko kideei proiektuaren onurak ongi azalduta daude gunean, diru-bilketa kanpaina berriaren xehetasunak barne: “Lehen kanpainan 2.000 lagun bildu zen proiektura, orain, kopuru hori ahalik eta gehien zabaldu nahi dugu. Horretarako, jendeak proiektuaren parte sentitzea nahi dugu, kontua ez da ‘dirua emadazu eta agur’. Emailea proiektuko parte izatea nahi dugu”. Gaztelua Administrazio Kontseiluak kudeatua izanen da. Irabazi asmorik gabeko elkartea denez gero, desfiskalizazioaren onura ekartzen duena zergetan. Ion Ansaren hitzetan, “erabakiak batzar orokor eta zabalean hartzen dira legearen araberako estatutuen bidez, gazteluaren eta proiektuaren jabea euskal komunitatea da dagoeneko”.
"Euskal Herriko zortzigarren lurraldearen egoitza nagusia izatea nahi dugu Etxauzia: euskal diasporarena, munduko euskaldun guztiei zabaldutako gunea. Euskal Etxe guztien etxe ama,
Euskal Herriaren ataria"
Elkarlanerako hitzarmenak egiten ari dira. Ez dira gutxi inguratu dituzten elkarte edota ekimenak: Albaola, Labrit, Olatukoop, Udalbiltza, Hendaiako Abadia Gaztelua, Eusko Ikaskuntza, EHU, Errigora, San Agustin, Lekuona eta beste hainbat proiektuk eman diote atxikimendua Etxauziari, baita elkarlanean aritzeko baietza ere. Donostiako Tabakaleran aurkeztu dituzte proiektuaren nondik norako berriak. Apiril honetan, Gasteiz, Bilbo eta Iruñean gauza bera eginen dute. Ekainaren 30ean, berriz, elkarteak eginen duen diru bilketaren kopurua eta proiektuaren berri zehatza jakinaraziko dute. Komunikazio arduradunak dioenez, “Baigorriko eskualdearen eta Urepeleko artzainaren miresmenaz harago joateko garaia da”. Bere hitzetan, Euskal Herriko proiektu nagusiak Hegoaldean daude, horietako askok EAEn funtzionatzen dute gehien. Iparraldean Euskal Elkargoa sortu berri da, hemen badago ere nahikaria. Bi aldeen arteko harreman hutsena badago oraindik ere: “Gu harago goaz gainera. Baigorri euskal emigrazioaren eskualdea izanda, proiektu honetarako leku paregabea da. Euskal Herriko zortzigarren lurraldearen egoitza nagusia izatea nahi dugu Etxauzia: euskal diasporarena, munduko euskaldun guztiei zabaldutako gunea. Euskal Etxe guztien etxe ama, Euskal Herriaren ataria”.