Geu elkartea etorkizuneko Gasteiz euskalduna irudikatzen

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urt. 17a, 11:57

Hogeitaka lagun elkartu ziren gogoetarako, batzuk Geu-ko bazkideak, besteak elkartekoak ez diren gasteiztarrak.

25 urte beteko ditu 2017an Geu elkarteak eta urteurrenaren karietara Zeu zara Geu gogoeta saioak antolatu zituen iragan udazkenean.

Urriaren 22ko saioan, lehenik –eta gisako sarrera, ongietorri eta elkar ezagutzeko dinamiken ondotik–, euskaltzaleen elkarteen funtzioen gainean jardun zuten Euskaltzaleen Topaguneko kide Iñaki Telleriak eta Iker Martinez de Lagosek. Horretarako, bi ikuspuntu hartu zituzten aintzakotzat: lehena, hizkuntzaren egoera aztertzeko erabiltzen ditugun hiru dimentsioak genituzke –hots, hiztuna, hizkuntza komunitatea eta lurraldea–; aldiz, bigarren ikuspuntua litzateke euskaltzaleen elkarteen egitekoari dagokiona: egin, eragin edo izan.

Saioan egindako lehen ariketak 10 urte barruko Gasteiz euskalduna izan zuen aztergai, eta horixe bera erabili zuten lehen galdera, hau da, etorkizuneko Gasteiz euskaldun horren nolakoa. Partaideek, xede hori buruan, datozen urteetarako lehentasunak markatzera jo zuten, ideia zaparrada handia jaso eta gero. Aipatu lehentasunen artean dira ondokoak: inflexio puntuaren beharra, aldaketa positiboa gerta dadin; helburu estrategikoak eta egingarriak, egunerokoak, banatu; euskaldunen aktibazioa landu; pedagogia soziala erabili; soziolinguistikatik ez ezik, psikolinguistikatik ere edan; makrotik mikrora igaro; transmisioa sentsibilizaziotik eragin, hizkuntzaren funtzio praktikoak, berriz, behar sozialetik; erreferentzialtasun espazioak irabazi, sortzaileak erakarriz; eskolan eragin, D eredurantz joz; etorkinak gurera ekarri; Gasteizko auzoak kontuan hartu; eragileen arteko elkarlana sustatu; euskalgintzaren baitan gogoeta bultzatu, haren estrategiak landu…

Bigarren saioan, lehenengoan seinalatutako lehentasunak berreskuratu eta ekintzak proposatzeari ekin zioten, ondoko urteetan ekintza bateria izateko helburu, hiru xederen inguruan. Lehena litzateke komunitatearen eta norbanakoen aktibazioa, eta sentsibilizazioa. Euskal Herrian hedatzen ari diren hiztunen ahalduntze ariketa kolektiboen gisakoa proposatu zuten Gasteizen. Eredu hartu zituzten Aguraingo 75 ordu euskaraz, Donostiako Egiako Euskaraz bizi, Lasarte-Oriako 40 egunetako erronka, Hernaniko Euskara ari du... Gasteizen gisako ariketarik gauzatzekotan, zenbait auzotan esperientzia pilotuak egitea, edo Gasteiz osoan egitea eztabaidatu zuten partaideek.

Erreferentzialtasuna litzateke bigarren xedea, eta, horri denaz bezainbatean, Gasteizen euskararen eta euskaldunon komunitatearen ikuspegi globala lantzea eta komunikazio plana egitea proposatu zen. Horrek, nahitaez, Geuren marka indartzea lekarke, Geu euskararen gainean ahots kualifikatu bihurtzea, eta hedabideentzat ere erreferente izatea lortzea.

Xedeotan hirugarrena erakunde eta eragileetan eragitea litzateke, eta horretarako, erakunde publiko diren Gasteizko Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin konfiantzazko eremuak sortzea onetsi zuten. Orobat, Gasteizko euskalgintza egituratzea.

Azkenik, laugarren xedea, haur eta gazteen artean euskararen erabilerari eragitea lukete. Horretarako, esan zutenez, euskarak prestigioa irabaztea da lehentasunezko eginkizuna, "lerro estrategikoa". Bi egitasmo zehatz ere proposatu zituzten gogoetara bildutako partaideek, Kuadrilategi moduko proiektuak, eta aisialdi taldea sortzea Geu elkartearen baitako.

Azaroaren 19ko saioan –hirugarrena eta azkena–, Geu elkartearen interes taldeak identifikatu zituzten bertara bilduek, hau da, Gasteizko euskaltzale eta Geu elkartearentzat lehentasunezkoak diren interes taldeak, dela Geuren ekintzen eta estrategien helburu direlako, dela Geurentzat aliatu eta laguntzaile direlako. Horrekin batera, interes taldeok kontuan hartu eta ekintzetan sakondu zuten. Aktibazioan eta haurren nahiz gazteen erabilera lantzeko taldeetan proposatutako ekintzak zehaztu zituzten, eta horrekin batera, erreferentzialtasuna lantze aldera komunikazio-helburuei edukia eman zieten.

Ondorioak, zain

Gogoeta prozesua buruturik ere, Geu elkartea ez da oraindik ondorioak baloratzeko asmotan. Dinamizatzaile taldeko Gidor Bilbaok esan digunez, "nahita utzi dugu denboratxo bat, jasotakoari perspektiba zabalagoarekin begiratzeko". Alabaina, datozen urteetarako lehentasunak aurreratzeko moduan izan dugu Bilbao EHUko irakaslea: "Erakunde eta bestelakoetan eragitea; elkartearen erreferentzialtasuna lortzea; haur eta gazteen erabileran eragitea; eta, azkenik, komunitatearen eta norbanakoen sentsibilizazioa eta aktibazioa lortzea". Bestalde, jakin dugunez, ildo horietarako egitasmo zehatzak ere proposatu dira.

Gasteizen egin den gogoeta Arabako beste eskualdeetara zabal litekeen galdeturik, Gidor Bilbaok ez du zalantzarik: "Metodologiak eta dinamikak balio dute –beste zenbait lekutakoak balio izan digu guri–, baina gogoeta ezin daiteke partekatu; ondorio beretsuetara iristeko balitz ere, komunitate bakoitzak bere gogoeta egin behar du". Nork bere lana, eta gogoeta, du eginkizun.

Egilea: Miel Anjel Elustondo

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago