Kaiku Km0-ko langileek 182 eguneko grebari amaiera eman diote, zuzendaritzarekin akordioa lortuta

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko urt. 4a, 12:37

Irudia: @ELAsindikatua

Kaiku Km0-k Araban dituen hamabost langileek enpresarekin hitzarmen bat lortu dute urtarrilaren 2an, 182 egun greban igaro eta gero."Soldata parekidetasuna, egutegiko ordu kopurua eta lan baldintzak errealitate dira jada", azaldu dute langileek.

Hiru urterako hitzarmena sinatu dute eta langileentzat %20ko soldata igoera dakar, ELAk adierazi duenez. Horrekin batera lanaldian hogei orduko murrizketa izango dute. Akordioak lan erreformaren aurrean hitzarmena babesteko klausulak ditu, adierazi dutenez.

Grebalarien asmoa "prekarietatearen aurka" egitea zela azaldu dute, Bizkaiko langileekin soldata berdintzea helburu hartuta. Langileek ELA sindikatuaren lana eskertu dute “emaniko laguntza ekonomiko eta humanitarioagatik”.

Irregulartasunak salatu dituzte

Langileen herenak Aldi Baterako Lanerako Enpresa (ABLE) batek eginiko azpikontratua dute eta enpresan lanean hasi eta zazpi urtera "lan baldintza txar" berdinekin jarraitzea argudiatu zuten grebari hasiera ematean. 2014an hainbat irregulartasun salatu zituzten, tartean antzinatasuna ez aitortzea, egutegi finkorik eza, aparteko orduak sartzera derrigortuak egotea eta lan erritmo gogorra. 2016ko martxoan enpresako arduraduna aldatu arren, arazoak ez ziren konpondu eta uztailaren 5ean greba mugagabea abiatu zuten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago