Eusko Jaurlaritzak beste marra bat igaro du ELA eta LAB bazterrean uzten dituen estrategian: lehen aldiz lan-hitzarmen bat sinatu eta argitaratu du sindikatuen gehiengoaren babesik gabe. Irailaren 14an Arabako Aldizkari Ofizialak metalgintzako ituna argitaratu du (pdf), Eusko Jaurlaritzak , patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek sinaturik. Buletinak dio ELAk eta LABek ez dutela hitzarmena sinatu, baina ez du zehazten sindikatu bakoitzaren babes maila. Hala, langileen %30 baino ez dago ordezkatuta itun horretan.
Joan den uztailean hitzartu zuten patronalaren, sindikatu estatalen eta Jaurlaritzaren artean “eragin mugatuko itunak” sinatu eta babestea, gehiengo sindikalaren gainetik. Horrek berehalako erreakzioa ekarri zuen LAB eta ELAren partetik: “Arau demokratikoak arbuiatu dituzte eta hori larria da”.
Orain, norabide horretan beste urrats bat egin dute eta praktikara eraman dute hauteskunde sindikalen bidez lorturiko ordezkaritza mailak kontuan hartzen ez dituen negoziazioa kolektiborantz. Arabako metalgintza ituna Lan Hitzarmenen Arabako Bulegoan erregistratuta geratu da beraz.
Eta gauza bera legebiltzarrean egingo balitz?
LABen ustez “erabateko salbuespen egoera bati normaltasuna eta babesa” eman nahi dio itunak, eta galdera zuzena egin dio Iñigo Urkulluri konparaketa bat eginez: “Prest al zaude onartzeko eta argitaratzeko Gasteizko Legebiltzarrean gutxiengo batek erabakitzen duena?”. ELAk ere konparaketa bera egin du eta horrela egingo balitz “eskandalu hutsa” litzatekeela dio.
Hala, “oinarri demokratikoak” defendatzeko Gasteizen irailaren 20an egingo duten elkarrretaratzera joateko deia luzatu dute berriz ere bi sindikatuek.