"Olinpiar jokoak irabazteak sekulako oihartzuna du kirol minoritarioan ere"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko uzt. 2a, 09:00

Irudia: Zaldi Ero

Tania Lamarca gasteiztarrak urrezko domina irabazi zuen oraintxe hogei urte, Atlantako (AEB) olinpiar jokoetan gimnasia erritmikoan, taldekako modalitatean. Podioan malkotan ikusi genuen hamasei urteko neska txikia emakume da gaur egun.

Tania Lamarcak (1980, Gasteiz) Espainiako gimnasia erritmiko txapelketa irabazi zuen 1994an, eta ondoko urtean Espainiako selekzioarekin ari zen entrenatzen, olinpiar jokoetako taldekako modalitatea helburu. Hara bidean, urrezko bi domina eta hiru zilarrezko irabazi zituzten munduko txapelketetan, eta bi zilarrezko eta hiru brontzezko Europakoetan. 1996an, urrezko domina olinpikoa irabazi zuen Atlantan, kirolariak lezakeen saririk gorena. Sallent de Gallegon (Huesca, Aragoi) bizi da, kirol teknikari lanak eginez, baina Gasteiza itzulera prestatzen ari da.

Gimnasia erritmikoa egiten dutenen gainean beti esaten dena: “Kirol gogorra, horratik! Hainbeste ordu entrenatu beharra ere!”.

Horixe esaten dute lehenena, bai. Gogorra da, baina bizian zehar ondo egin nahi dituzun gauza guztiak dira neke, eta gogor. Egia da ordu mordoa entrenatu behar izaten dutela gimnastek, denbora mordoa eskaintzen diotela entrenatzeari, baina ezertara emanda bizi den edonork orduak eta orduak sartu behar ditu, ez dago besterik.

Astean hamalau entrenamendu ordu ere egiten ditu DBH ikasten ari den gimnastak…
Bai, beste kirol askotan baino ordu gehiago dira, dedikazio handia, baina kontuan izan behar da minutu eta erdikoa dela gimnasta baten ariketaren iraupena. Minutu eta erdi horretan ez duzu oker txikiena egiteko marjenik. Gimnasia ez da futbola, ez dira 90 minutu. Futbolean, adibidez, baduzu oker egiteko marjena, batean oker egin duzuna, bestean zuzentzeko aukera izan dezakezu, gimnasian ez bezala. Gimnastak ez duenez oker egiteko marjenik, ariketa guztiz mekanizatuta, guztiz barneratuta behar du, eta hori ez da lortzen errepikapen bidez baizik. Errepikapen bidez, eta lan zentzuzko baten bitartez.

Txikitan Gasteizen entrenatzaile izan zenuen Agurtzane Ibargutxik esan dit joandako ura duzula Atlantan urrezko domina irabazi zenuen garaia.
Joandako ura den… Ez dut garai hura zeharo atzean utzi, baina orrialdea pasatu behar izan dut, esan ohi denez. Beste bizitza bati ekin nion harrezkero, gimnasia utzita. Atlantan urrezko domina lortu aurreko eta ondoko bizialdiak bi dira, ez daude lotuta. Garai hartan, oroitzen naiz, barneratu behar izan nuen aro bat ixten zela eta beste bat irekitzen. Gaur egun beste patxada batekin ikusten dut ordukoa, jakina. Errazagoa da orain: orduko aro hari esker naiz, naizena, baina aurrera egingo banuen aro hura itxi behar izan nuen.

Erraza izan ez bazen ere, erretiratu egin zinen. Kirolari askok ez du horretan asmatzen.

Baliteke. Kirol bizitzan iltzatuta geratzeko arriskua dugu, eta kirol bizitza ez da egiazkoa, ez da benetako bizitza. Bizialdi zoragarria da, baina ez da erreala. Nire kasuan, Espainiako selekzioa uztera behartu nindutenean eta Gasteizera itzuli eta bertan lurrartu nuenean ekin nion benetako bizitzari.

Hain zuzen, bizitza hura kontatzen duzun liburuan –Lágrimas por una medalla (Malkoak domina batengatik)–, goren mailako kirola eta lehia utzi ondoko abandonuaz ari zara.

Zortzi urte dira liburua publikatu nuenetik, eta aurrera egin dut geroztik, baina publikatu nuenean horixe nuen helburuetako bat, kirola utzi ondoko abandonua galaraztea, saihestea, nahiz eta oraindik gertatzen den. Kirolariak, bere kirol bizitza uzten duelarik, hutsune handi bati egin behar dio aurre. Kirolaria bere bakardadean! Horixe gertatu zitzaidan niri: goren-gorenean egon nintzen, Atlantako podioan, ordu arte besterik egiten ez nuela, eta eguzkia ezkutatu orduko eta ilargia azaldu baino lehen, etxean nengoen, Gasteizen, goian zerua eta behean lurra. Neke da hori barneratzen. Jendea behar duzu inguruan bide horretan laguntzen, gainerakoan, lanak.

Hogei urte dira Atlantako urrezko domina irabazi zenutenetik, eta ekitaldiak ere antolatu dituzte han-hemen hura oroitarazteko. Ez duzu erraza aro hura itxitzat ematen.

Aro hura itxia dago, baina maila pertsonalean. Nola emango dute, bada, itxitzat, gimnasian lortu den domina olinpiko bakarra izanda? Hartaz oroitu behar dira, eta ondo iruditzen zait. Lagungarri gertatzen zait nire lanean, eta gimnasiaren bidez lortu nuenari esker egiten dut lan gaur egun. Alde horretatik ez dut aro hura itxi, baina maila pertsonalean garbi esan behar izan nion neure buruari: “Domina olinpikoa irabazi duzu, gimnasia izan da zure bizitzaren ardatz, baina orain beste bizialdi bati ekin behar diozu”.

Urrezko domina olinpiar jokoetan. Horixe izango da maximoa, ala?

Bai… Oroitzen naiz behin, ohiko ekitaldi horietako batean, aktore talde batekin gertatu nintzela. Batak bestearen aurkezpenak egin genituen eta aktoreetako batek ezagutu egin ninduen; nor nintzen bazekiela, esan nahi dut. “Domina olinpikoa? Nik Oscar saria jasotzearen pareko da hori!”. Halaxe esan zuen, balio horixe ematen zion. Eta egia da. Mundutxo horretan  bizi zarenean ez zara jabetzen, ez dakizu zer lortu duzun. Nik, esaterako, askoz ere balio handiagoa ematen diot orain urrezko domina hari, orduan baino. Kirol mailan lortu daitekeen maximoa da domina olinpikoa.

Urrezko domina olinpiko hori dugu Tania Lamarcaren aurkezpen-txartela?

Beti esaten dudanez, domina horri esker aurkezpen-txartel pertsonala daukat. Ez da nire aurkezpen-txartela, baina ditudan adjektiboak domina horrek eman dizkit, kar, kar…

Hamasei urte zenituen Atlantan podiora igo zinenean. Neskatxa hutsa, oraindik.

Bai, neskatxa hutsa! Egia esan, ez nekien zer neukan lepotik zintzilik. Liluratuta nengoen, hori bai, telebistaz ikusi izan nuen domina zelako, baina besterik ez. Gurasoei hots egin nienean, horixe esan nien: “Lepotik zintzilik daramat! Kirolari guztiek duten domina!”. Jakina, kirolari guztiek ez zuten gisako dominarik, urrezkoa, baina nik horrela ikusten nuen orduan. Atlantatik itzultzean, ni baino kirolari zaharragoekin gertatu nintzenean, orduantxe hasi nintzen urrezko domina hartaz jabetzen. Ez, egiatan, une hartan ez nekien zer lortu nue, kar, kar…

Negarrez, domina batengatik. Beste inork ez zuen negar egin, malkorik isuri?

Ez. Hunkitu bai, baina nik beste inork negarrik ez. Malko-erraza naiz, izan ere.

Zure ibilbidearen gorena, podio huraxe. Bost urtetan lotu zintzaizkion gimnasia bideari, hamasei zenituela olinpiar domina, utzia zenuen goren graduko kirola hamazazpi urtetan.

Begira, neska koxkorretan gimnasia egiten hasi nintzenean nik ez nuen uste apartekorik, alegia, gimnasta ona izateko irrikarik ez nuen, gimnasta ona izango nintzela ere ez nekien, goi-mailako lehiaketan jardutea ere ez zegoen nire gogoan. Poliki-poliki etorri zen dena, ni jabetzeke. Ondo pasatzen nuen gimnasia eginez, eta arratsalderoko gustuko denbora pasa bihurtu zen azkenean. Nire kasuan, oinarrizkoa izan da bestelako pretentsiorik ez izatea. Nik ez nuen txapeldun olinpikoa izateko asmorik, gurasoek ere ez zuten horrelakorik beren gogoan. Ni, besterik gabe, bideari lotu nintzaion: erraztasuna nuen, txapelketetara joaten nintzen, ongi pasatzen nuen… eta ongi pasatzen nuenez, entrenatzen segitzen nuen.

Eta, halako batean, hamalau urtetan, Espainiako gimnasia erritmiko txapelduna izan zinen.

Urte hartan bagenuen esperantzarik. Goiko postuetan ibili nintzen urte hartako Euskadiko lehiaketetan, eta lehen bosten artean geratzeko asmoa genuen, edo espektatiba, behintzat. Baina ni txapeldun izaterik ez zuen inork espero. Ariketa ona egin nuen, ordea, besteek baino hobea betiere, eta txapelketa indibiduala irabazi nuen.

Hala ere, ez zintuzten Espainiako selekziora eraman, zure garaiera gorabehera: metro eta berrogeita hamalau zinen, eta metro eta hirurogei eskatzen zuten.

Kirol froga eginarazi ziguten, baina garaiera zela-eta, atzera bota ninduten. Orain ez dute gutxieneko garaierarik eskatzen, baina kasik eskatu beharrik ere ez dago. Oraingo gimnastak dorrea baino luzeagoak dira-eta. Zeharo aldatu da dena orduz gero. Orain dela hogei urte ez bezala da gauza. Esaterako, gimnastek beren bizitza dute gimnasiatik kanpo ere: beren familia dute ondoan, beren adiskide eta lagunak dituzte, beren ikasketak… Zorionez, gaur egun, gainerako kirolen pareko da gimnasia.

Pareko, baliteke, baina zuen olinpiar dominak munduko txapelketa irabazteak baino gehiago balio du, zenbait kiroletan ez bezala.

Kirol mailan, kirolarioi dagokigunez, gauza bera dira olinpiar jokoak eta munduko txapelketak. Lehiakideak ere bertsuak gara. Baina zeharo bestelako oihartzuna dute olinpiar jokoek eta munduko txapelketek. Kirol minoritario guztien gaitza da: munduko txapeldun izateak ez du oihartzunik. Aldiz, olinpiar jokoak irabazteak sekulako oihartzuna du kirol minoritarioan ere. Horretan, hutsetik hasten gara kirol guztiak: gimnasta, tenislaria, futbolaria, atleta… maila berean gaude, domina bera dugu guztiok helburu, oihartzun bertsua izango dugu denok.

Liburu asko ozpina egin zenuen goi-mailako lehia utzi zenuenean, edo utzarazi zizutenean. Beste ikusmolde bat duzu orain.

Liburuak badu alderdi ozpin eta negatibo hori –hein batean, bederen–, baina nik transmititu nahi nuena zera zen, ahal izango banu, berriz egingo nukeela bidea: esperientzia bakana izan da, guztiz positiboa nire bizitzan, alderdi negatibo guztiak gorabehera. Goi-mailako kirola gogorra da, eta nik ere bizi izan nuen hori: familia eta lagunetatik urrundu beharra, egunean zortzi ordu ere entrenatu beharra, hau, hori eta hura, baina nik ongi pasatzen nuen gimnasia egiten, ez nuen horretarako obligaziorik. Disfrutatu izan ez banu ez dut uste bertan geratuko nintzatekeenik. Nik uste latzagoa izan zela gurasoentzat, niretzat baino: bazekiten zortzi orduz gogor entrenatu besterik ez nuela egiten, beraiengandik urrun, halako zentro batean, eta ez zen erraza. Ni, azken finean, gustuko gauza egiten ari nintzen.

Gorenean zinen egun batean –urrezko domina paparrean–, kanpoan zinen biharamunean –goi-mailako kirol mundutik lekora– , benetako bizimoduari ekiteko premian.

Denetarik izan dut: hasteko, baxua nintzelako ez ninduten hartu nahi izan; azkenean, gizena nintzelako, behar baino pisu handiagoa eman nuelako, bota ninduten. Kar, kar… Baina hortik ere franko ikasi nuen. Erretiratzeko garaia oso konplikatua da kirolariaren kasuan. Alegia, berak erabaki ez duen momentuan erretiratzea –dela lesioa izan duelako, edo erabaki tekniko bat delako tartean–, oso-oso konplikatua da. Besterik da norberak erabakitzea eta prestatzea kirola uzteko momentua.

Zure kasuan, teknikarien erabakiak behartu zintuen uztera.

Eta aurre egin behar izan nion egoera berriari. Hemezortzi urte nituen goi-mailako kirola uztera behartu nindutenean, baina gainditu nuen egoera, eta gaur egun, orduko hark orain eguneroko biziak sortzen dizkidan egoera zailei aurre egiten irakatsi zidan. Ikasketa prozesu gogorra izan zen, oso, eta horrexegatik egin nuen liburua. Uste dugu kirolaria erretiratu, eta egina duela bizitza. Eta ez da horrela. Hemezortzi urte nituen nik, kirol mailan gorena lortua nuen, baina Gasteiza itzuli eta ez nuen ezer.

Zailtasunak bizimodu errealari berrekiteko sasoian, familiarekin eta lagunartean.

Nire lagunak unibertsitatean ari ziren, eta ni, aldiz, institutuko ikasketak egin beharrean nengoen artean, ni baino gazteagoak zirenekin batera. Ez zen erraza. Etxean ere, desorekak sortu ziren: hamalau urte nituela joan nintzen etxetik, eta hemezortzirekin itzuli. Ume joan nintzen, gazte etorri, eta hor ere izan zen hutsune bat bete beharrekoa. Oso gauza konplikatua izan zen, benetan.

Atlantako olinpiar jokoetako oroitzapen bat, Tania.

Inaugurazio egunean estadio olinpikoari itzulia egin genion denbora. Askoz gehiago kostatu zitzaidan itzuli hura, gimnasiako ariketa egitea baino. Azken finean, nire lana egitera irten nintzen tapiz gainera, banekien lan hura egiten, horretarako entrenatuta nengoen –ohiko nerbioak gorabehera–, eta aldiz, kirolari guztiekin batera estadio olinpikoari itzulia egitea zirraragarria gertatu zitzaidan. Oroitzapen horixe dut.

Egilea: Miel Anjel Elustondo

 

(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago