"Garoña kanpainan erabili ordez, has daitezela ixteko bide bila"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko eka. 12a, 17:11

Garoñaren behin betiko itxiera eskatu zuten manifestazioan bildutako 2.000 lagunek. (Argazkia: Equo)

Manifestazioa egin zuten larunbatean Gasteizko kaleetan, "Garoñaren behin betiko itxiera" eskatzeko. Udaltzaingoaren arabera, 2.000 lagunek hartu zuten parte.

Garoñako zentral nuklearra berraktibatzeko arriskua salatzeko, jende ugari bildu zen larunbatean Gasteizen. Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak azaroan emango du berriz martxan jartzearen aldeko edo aurkako epaia, baina Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe plataformako eledunak ez du zalantzarik: "Aldekoa izango da".

Hala gertatzen bada, Garoñako zentralak berriz ere ateak zabaltzeko aukera izango du. Erabakiak aurrekaria ezarriko luke, eta orain arteko legediak baimentzen dituen gehienezko 40 urteko jardunetik 60ra igaroko lirateke haietako batzuk. Garoñaren kasuan, 2031 arte luzatuko litzateke baimena.

Hori saihesteko "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko eskatu zien Friasek alderdi politikoei: "Garoña hauteskunde kanpainan elkar erasotzeko erabili ordez, has daitezela hura behin betiko ixteko bideak bilatzen". "Arabako gizartearen zati handi batek ez du nahi zentrala berriz irekitzerik", zehaztu zuen.

Alderdiei kargu hartu bazitzaien ere, zenbait ordezkari manifestazioan izan ziren. Besteak beste, Espainiako Kongresurako lau hautagai: Mikel Legarda (EAJ), Mikel Otero (EH Bildu), Javier Lasarte (PSE) eta Juantxo Lopez de Uralde (Unidos Podemos).

Kazetaria: Jon Ander de la Hoz

(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago