Eusko Jaurlaritzak saihestu egin du kartzela zigorra eskatzea De Miguel auziko inputatuentzat, El Correo egunkariak argitaratu duenez.
“Erredundantetzat” jo du hori egitea, fiskalak eskatu dituen zigor eskaera handiak kontuan hartuta.
Eusko Jaurlaritzako abokatuek eskatu dute De Miguel auziko inputatu guztiek 221.779 euroko isuna ordain dezatela denen artean, “beren jokabideak euskal instituzioetan eragin duen galeragatik”.
Gainera, EAEko Gobernuak eskatu du De Miguel auzian inputatutakoen bikoteak salbuestea erantzukizun penal guztietatik.
26 lagunen aurkako epaiketa abian jartzea galdegin zuen martxoan Josu Izaguirre Arabako fiskal nagusiak, eta 54 urte eta 9 hilabeteko zigorra eskatu zuen De Miguelentzat. Legez kanpoko komisioak kobratzea, kapitalak zuritzea eta eragin-trafikoa leporatzen dizkiote, besteak beste.
De Miguelez gain, inputatuen artean daude, besteak beste, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJko kide ohiak, Iñaki San Juan Leioako zinegotzi ohia, Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ohia eta Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzao Gazteria saileko zuzendari ohia.
Kazetaria: Ane Urkola, Argia
(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)