Baietz ba, Gasteizen aurkituko duzula norekin egin euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko mai. 2a, 11:17

Ane Pedruzo. Irudia: Onintza Irureta.

Rikardo Arregi Diaz de Herediak gogoan du gasteiztarra eta euskalduna zela esaten zuenean nola galdetzen zioten ea non zituen behiak eta ardiak. Baserritarra behar zuen izan, ezinbestean. Ane Pedruzo Redondok ez du ezagutu ere egin garai hori.

Badaki beti ez diotela euskaraz erantzungo, eta batzuetan erantzun txarrak ere jasoko dituela, baina lehen hitza euskaraz egiten tematuta dago. Biek –beste askoren artean–, euskararekin dituzten bizipenak kontatu dituzte ahotsak.eus proiektuak landu duen “Gasteizko euskararen ahotsak” bideo sortan. Ondoko lerroetan elkarrizketetako pasarteak dituzue.
 

Rikardo Arregi Diaz de Heredia (1958), euskara irakaslea, idazlea eta poeta

“Arazoak, gehienbat, Gasteiztik kanpo ditut. Gasteizen denda batera sartu eta gehienetan ez zait bururatzen euskaraz hastea, edo behintzat orain arte ez. Egun militantea baduzu egiten duzu, baina normalean ez.

Donostiara joaten naizenean, pentsatzen dut jende guztiak euskaraz hitz egingo duela eta makilkada handienak Donostia bezalako hirietan izan ditut. Lekuren batera joan, euskaraz hitz egin, eta erantzutea ‘gaztelaniaz’, edo erantzun txarra jasotzea. Behin taberna batera sartu nintzen udan, egia da udaz jantzita nengoela, eta tabernakoa ingelesez egiten hasi zitzaidan zuzenean, eta euskaraz erantzun nionean, harrituta gelditu zen.

Iruditzen zaizu jende guztiak ulertu behar dizula euskaraz eta gero konturatzen zara ez dela hala. Gasteizen ez litzaidake arraroa egingo, baina Donostia batean edo Zarautz batean deserosoa iruditzen zait.

Ez zaizu gertatu gasteiztarra zarela esan, euskalduna zarela esan, eta harridura sortzea?

Bai, bai, edo hemengo jendeak pentsatzea ez naizela Gasteizkoa, edo ez naizela arabarra. Nire lehen deitura Arregi denez, ‘pentsatzen nuen zu…’, Gasteizkoa naiz! Kutxi kalekoa! Nire gurasoak patateroak dira, abizen guztiak dira de Zarate, eta abar eta abar. Jende askok, eta batez ere Gasteiztik kanpo, azterketa botaniko-geologikoa egiten dizu esaten duzunean gasteiztarra eta euskalduna zarela, ea landare arraro hau nongoa den, zure gurasoak, zure amona, zure ez dakit zer…  Normalean horrelakoak ez ditut erantzuten. ‘Gasteizkoa zara?’ Bai. ‘Eta euskalduna?’ Bai. ‘Eta zure ama…’, ez dut erantzuten, gustu txarrekoa iruditzen zait. Galdetuko dizut nik zure ama zer den, zure aita zer den… familiako gauzei buruz?

Jende askok, Gasteiztik kanpo, hemen euskararena gauza arraroa dela pentsatzen du eta 20.000 euskaldun egongo dira. Igoal zure herrian baino euskaldun gehiago dago Gasteizen. Jende batekin haserretzen naiz. Egia da jende asko bizi dela, eta hizkuntza nagusia ez dakit zein dela, eta kalean arabiera, urdua edo gaztelania entzuten dela.

Jarrera desberdina zen lehen eta orain?

Garai batean, adibidez 80ko hamarkadan, euskaraz hitz egitea oso ghettizatuta zegoen, Alde Zaharrean, Kutxi kalean… Orain ere arrasto hori badagoela uste dut.

Lehen adibidez, lagun batzuekin hara joaten nintzen, baina ez zitzaidan Kutxi kalea gehiegi gustatzen, euskaraz hitz egitea-eta bai, baina Zapateria kalean edo gauez Pravdan jartzen zuten musika gehiago gustatzen zitzaidan. Hor nabaritzen nuen. Jendeak euskalduna zinela zekienean behiak edo ardiak zure atzetik etorriko zirela pentsatzen zuen. Barkatu, baina ni Gasteizkoa naiz. Behiak ikusi ditut, egia da nire gurasoak herrietakoak zirela, baina hemen bizi ziren. Lehen jende askok lotzen zituen euskara eta ruralitatea. ‘Behiak?’, eta nik, ‘ze behi?’. Euskaraz egiteak ez nau baserritar egiten. Orain, beste aurreiritzi mota batzuk egongo dira, baina hori ez”.

Ane Pedruzo Redondo (1985), Oihaneder Euskararen Etxean komunikazio arduraduna

“Urte pare bat edo hiru daramatzat dendetara eta tabernetara noanean lehenengo hitza euskaraz egiten, saiatzen naiz behintzat. Oso sorpresa politak izaten dituzu. Joan okindegira, lehenengo hitza euskaraz egin, eta konturatu zure atzeko gizonak ere entzun duela eta hark ere euskaraz egin duela. Kristoren poza da. Mikroan, baina eragiten ari zara. ‘Ez dizut ulertzen’ ere esaten dizute. Ehuneko ehunean euskaraz bizitzea ez da erraza, baina gero eta errazagoa da.

Batzuetan ez duzu egin nahi, nekatuta zaudelako, edo haserre, eta ez duzu gogorik horrelako batean sartzeko. Dena dela, poztasunak gehiago ematen ditu atsekabeak baino.

Jarrera txarrak ere topatzen dira, baina oso gutxi dira gaur egun. Bestelakoak entzuten ditut: ‘Sentitzen dut, gustatuko litzaidake’ edo ‘Nik ezin izan nuen ikasi’, edo ‘Ze ondo, zuek egiten duzue!’. Horrelako jarrera asko daude. Poza ematen du eta horrelako elkarrizketa bat izan dezakezu: ‘Agian orain ez, baina poliki-poliki, ez kezkatu, etorriko da unea’, ‘Ez, orain helduegia naiz’, ‘Inoiz ez da berandu’. Agian, ez doa inora, baina polita da ikustea jendeak horrela pentsatzen duela. Horregatik esaten dut potentzialitatea dagoela, horrelako jarrerak daudelako. Zaila da, baina ez ezinezkoa, eta gero eta errazagoa izango da.

Erantzun txarraren beldurrez, ez dugu egiten askotan. Ez badugu egiten, ez dugu jakingo erantzun txarra edo ona jasoko dugun, ez dugu identifikatuko hor egon zitekeen euskaldun berria. Orduan, egin behar da! Ez dut esaten sheriff-aren plakarekin joan behar dugunik. Duela gutxi gertatu zait. Lagun batekin nindoan eta kalean emakume bati zerbait galdetu behar genion. Gaztelaniaz egin genion, itxuragatik. Aurreiritzi absurdua izan zen, eta gainera gaia landuta daukagu, TELP tailerra egina... eta emakume hura euskalduna zen! Lezioa eman zigun hark.

Inori ez zaio gustatzen erantzun txarra jasotzea, eta zer egun duzun eta nola zauden, agian ez da gehien behar duzuna momentu horretan, baina ondo pentsatuta... arazoa ez da zurea, berea da. Ez daki hemen ofiziala den hizkuntza, mundua ikusteko beste modu bat galtzen ari da, nirekin enpatizatzeko aukera galdu du, eta ez naiz hasiko eztabaidan, ez dudalako uste maila berean eztabaidatzeko moduan gaudenik.  

Lehengoan tabernan laranja zukua eskatu nuen eta tabernariak: ‘Zer?’ eta nik  ‘la-ran-ja-zu-ku bat, la-ran-ja-zu-mo’, eta berak: ‘Nahi baduzu txineraz egingo dizut!’. Berotzen hasi eta esaten diozu, ‘baina hemen ez da txineraz hitz egiten, eta euskaraz bai, eta esan dizut la-ran-ja (naranja gaztelaniaz), barkatu baina hori ulertzen da. Eta badakizu zer? Ez zaidazu ezer atera, ez da ezer gertatzen, eskerrik asko, agur’. Ondoko tabernara joango naiz, zenbat taberna daude Gasteizen?. Egun ona duzunean horrela ari zaitezke. Uste dut merezi duela”.

 

Kazetaria: Onintza Irureta

(Erreportaje honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago