Garoñaren etorkizunak Iberdrola eta Endesaren arteko desadostasuna azaleratu du

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko api. 13a, 09:23

Iberdrolako presidentearen hitzak Endesarekiko desadostasunak azaleratu ditu, hainbat hedabidek azaldu duenez. (Argazkia: Nuclenor)

Garoña berriro irekitzeko asmorik ez duela dio Iberdrolak, zentral nuklearraren jabeetako batek. Endesa da bestea, eta harentzat ordea, zentralaren irekiera bideragarria da. Nuclenor –zentrala kudeatzen duen enpresa– osatzen duten bi bazkideak –jabetzaren %50 du bakoitzak– aurrez aurre daude.

"Arrazoi ekonomikoak tarteko", Garoñako zentral nuklearra ez dela berriz irekiko esan zien Ignacio Sánchez Galán Iberdrolako presidenteak enpresako sindikatuei, Eldiario.es agerkariak argitaratutako informazioaren arabera. ELAk baieztatu du adierazpen horren berri eman ziela konpainiako langileei, eta Iberdrolari eskatu dio Garoña ixteko erabakia publikoki baiezta dezala.

Gaur arte, bazirudien bi konpainiek zentrala berriro irekitzeko asmo irmoa zutela, baina Iberdrolako presidentearen hitzak desadostasunak azaleratu ditu, hainbat hedabidek azaldu dutenez. David Page kazetariaren hitzetan, Nuclenor bera ezustean harrapatu du Iberdrolaren jarrera aldaketak. Are gehiago, enpresaren administrazio kontseiluak ez du oraindik Iberdrolaren erabakiari buruzko jakinarazpenik jaso. Hurrengo bilera noiz egingo duten ere ez dute zehaztu, Sabemos agerkariko kazetariak dioenez.

Pagek gaineratu du Iberdrolaren norabide aldaketaren lehen zantzuak pasa den astean azaleratu zirela, konpainiako presidente Ignacio Sanchez Galanek SER irratian adierazi zuenean hainbat herrialdetan zentralak ixten ari direla arrazoi ekonomikoak medio: "Ez dira ixten ari arrazoi politikoengatik, errentagarriak ez direlako baizik. Eztabaida ez da hainbeste nuklearrak bai ala ez, baizik eta seguruak diren ala ez, edota ekonomikoki eraginkorrak diren ala ez".

Nuclenorreko enpresa batzordeak, berriz, ukatu egin du Garoñaren itxeraz zabaldutako informazioa, eta ELAri leporatu dio Sánchez Galánek sindikatuei bileran esandakoa "desitxuratzea". Iberdrolako buruaren esanak sektore nuklear osoari buruzkoak izan zirela adierazi du batzordeko kide batek, eta ez Garoñari buruzkoak zehazki.

Beste erreakzio batzuk

Ekologistak Martxan taldearentzat ere Iberdrolaren erabakia espero zitekeen, eta "nabarmen utzi ditu agerian CSN Segurtasun Nuklearreko Kontseilua eta PPren Gobernua". Prentsa ohar baten bidez (PDFa gaztelaniaz) salatu egin du konpainia elektrikoek Espainiako Estatuan jarduteko duten modua. "Zentralaren itxierara bultzatzen dutenak ziurgabetasun teknikoak dira", dio erakunde ekologistak.

Arabako Diputatu Nagusi Ramiro Gonzálezek ere hitz egin du aferaz. Sánchez Galánen adierazpenen aurrean zuhurtziaz jokatzeko eskatu ostean, berretsi egin du Arabako Foru Aldundiaren nahia Garoña lehenbailehen ixtea dela.

 

(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago