Duela bederatzi urte Gasteizko Udalak Antoni alokatu zizkion bulego batzuengatik ordaindutako kopurua –sei milioi euro– dago kasu honen erdigunean. Espainiako Estatuko Kontu Auzitegiak aztertu nahi du ea diru hori Antonen mesedetan gastatu zuten, diru-kutxa publikoak kaltetu arren.
“San Antonio kasua” gisa ezaguna den aferak astelehen honetan eman du lehen sorpresa, izan ere, ElDiario.es-en irakurtzen denez, epaiketaren aurreko saioan fiskaltzak iragarri du ez dela akusazio gisa aurkeztuko, nahiz eta kasuaren hasieran horretarako borondatea erakutsi zuen –fiskaltzak identifikatu zuen, hain zuzen, Gasteizko Udalak jasandako kalte ekonomikoa eta ez du iaztik martxan dagoen prozedura artxibatzeko eskatu–.
Nolanahi, epaiketak aurrera egingo du gainontzeko auzi-jartzaileekin –Gasteizko Udala bera, batetik; eta EAJ eta PSE-EE, bestetik–.
Egun Espainiako Osasun ministroa den Alonso Gasteizko alkatea zen operazioa egin zen garaian. Gero Udaleko buru izan zen Maroto berriz, Ogasun zinegotzia zen.
(Albiste honen jatorrizko bertsioa Argia.eus webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra)